Itxi

Musika

'Denbora da poligrafo bakarra'

Gorka Urbizu: 'Jakingura, ikasteko grina, oxigenoa da talde batentzat'

Natxo Velez | eitb.eus

Lan berrian, hiru ikuspuntutatik begiratu dio Berri Txarrakek hogei urteren buruan denari. Hiru ekoizlerekin grabatutako lanaren ñabardurak aletu dizkigu Gorka Urbizuk solasaldi mamitsuan.

  • Berri Txarrak: Galder Izagirre, Gorka Urbizu eta David Gonzalez.

    Berri Txarrak: Galder Izagirre, Gorka Urbizu eta David Gonzalez.

Denboraren ezinbesteko iraganaldi tai gabeak, egindakoaren eta egin gabe utzitakoaren hondarrak aztertzen dituen poligrafo apelaezinak, ez du gezurrik azaleratzen Berri Txarraken 20 urteko historiari aplikatuta: arriskuak gidatu du taldearen bidea.

Galzoririk gabe, rockak ez omen du zentzurik, eta, gisa berean, rockaren ?benetakotasunaren? zaindari batzuen ikuspegi murritzen arabera, Berri Txarrakentzat beste batzuek idatziriko bide meharrean ez zegokeen poperako edo, berbarako, hardcore melodikorako tokirik.

Nolanahi den, estandarrei entzungor, hirukotea urrats bat aurretik mugitu da Denbora da poligrafo bakarra honetan ere, ostera. Espero zena eman dute, bai, eta Ross Robinsonekin grabatutako kantuak, ?Sutxakurrak? izeneko bildumakoak, dira horren lekuko, Haria-ren jarraipen kutsu handiena horiek baitute; baina gehiago eman dute, beren eskaintza pop ukituz eta punk rock zipriztinez margoturik. Gehiago, eskuak zabalduta eta ukabilak itxita libre mugitzeko, jaiotzatik heriotzarako hari etengabean ikasteko, arnasa hartzeko... Hinki-hankarik gabe esanda, bizitzeko.

Berri Txarrakek Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevensonekin batera grabatutako diskoaren nondik norakoak azaldu dizkigu Gorka Urbizuk.

"Atzera goazela, aurrera ez bagoaz"

Hogeigarren urteurrena ospatzeko lanerako, talde askok egiten duten bezala atzera, orain arte egindakoari, begiratu ordez (birak, disko jakin bateko kantuak jotzeko kontzertu ?bereziak??), aurrera begiratu duzue, arriskatuz, kantu berriz (eta berritzailez) osatutako lana sortu eta kaleratzeko. Zer dakusa aurrean Berri Txarrakek? Zer, atzean?

Bai, egia da: gure mezua beti izan da hori, beti izan gara aurrera begira dagoen talde bat, baina hogei urte betetzea ere bada zerbait, eta ?pause? tekla sakatzeko ordua ere bada, orain arte egindakoa baloratzeko.

Oso gauza ederrak pasatu dira, sekulako ibilbidea eta abentura bizi izan dugu, mundu osoan jotzeko aukera izan dugu, guretzat rockaren historian garrantzitsuak izan diren ekoizleekin lan egin dugu, ia 900 kontzertu eman ditugu eta balioa ematen diogu horri... Baina 20. urteurrena sortzen eman dugu, 20 kantu osatzen. Gainera, halako esperimentu bat egitea otu zitzaigun: hiru ekoizlerekin, hiru energia, rockaren hiru ikuspuntu, biltzen dituen lan berezia egitea.

Denbora da poligrafo bakarra ez da disko hutsa. Lan bat da, osotasuna du, baina ez ohiko diskoa: hiru EP dira, eta bakoitzean sei edo zazpi kantu daude...

?Ospakizun urtea? konposatzen eta grabatzen pasatzea erabaki duzue. Musikaren prozesu osotik gehien maite duzuen fasea da konposizioa? Zelan konposatu ohi duzue?

Nik uste dut rock talde baten ?habitat naturala? zuzenekoa dela, baina harrituta gelditzen naiz, bestalde, hainbat eta hainbat artistari irakurtzen diodanean diskoa jotzeko eta kontzertuak lortzeko aitzakia bat dela. Hori ez dut sekula ulertu.

Sormena ogibide honen, mundu honen, ardatzetako bat da, ardatz nagusia ez bada. Sortzeko eta gauzak esateko gabiltza musika munduan, ez beste ezertarako. Horregatik dauka diskoak garrantzia.

Presio handiko uneak dira, betiko geratuko diren erabaki batzuk hartu behar izaten direlako, eta musikariak ez gara erabakiak hartzen oso iaioak izaten... Halere, diskoa, gure kasuan behintzat, bizi duzun aroaren isla ere bada. Hala nahiko nuke behintzat, bai hitz aldetik bai musika aldetik. Une horretan zer eragin eta jakin-min dauzkazun erakusten du. Aro bakoitzean taldea zertan zebilen, zer harrikada zuen, ikustea aberasgarria da, eta hori taldeak bizirik jarraitzen duen seinale da.

Bestalde, konposatzeko moduari dagokionez, prozesua ez da gehiegi aldatu: nire etxean hasi eta bukatzen da. Etxetik, riff-ak, ideiak-eta lokalera eramaten ditut, hiruron artean hezurdura eta konponketa batzuk egiten ditugu eta, gero, horrekin etxera bueltatu eta berriz ere bakardadean hitzak eta ahotsaren melodia ateratzen ditut. Ohikoena horixe izaten da.

berri txarrak. argazkia: berri txarrak facebook

Estilo arras ezberdineko hiru ekoizlerengana jo duzue Denbora da poligrafo bakarra grabatzeko. Kantuak sortzeko orduan, bazenekiten unean-unean esku artean zenuten kantua ekoizle jakin batek grabatu behar zuen diskorako zela edo geroago etorri zen banaketa?

Bai, bagenekien; kronologikoa izan da. Aurrena, lehen EPrako kantuak sortu genituen, horiek grabatu, gero bigarrenerako kantuak egiten hasi ginen... Tira, ideiak pilatzen aurretik hasi ginen, baina hein handi batean horrela izan da; disko bakoitzari zer ildo eman behar genion jakinda konposatu ditugu kantuak.

Ariketa estilo bat egin dugu, geure burua apur bat behartu. Berriren diskoen barruan beti egon da heterogeneotasun bat, kolore ezberdin asko lan baten barruan. Jaio. Musika. Hil-en, adibidez, ?Oreka? zegoen, baina bazegoen, halaber, ?Berba eta irudia? edo ?Zertarako amestu??, oso kantu ezberdinak elkarren parean jarriz gero.

Eta oraingoan, hiru zatitan banatuta egonda, batzuetan propio esan behar izan genuen ?ideia hau eduki dut, baina disko honetarako behintzat ez du balio; beraz, beste baterako gorde edo desegin, alde batera utzi, egin beharko dugu?. Eta hor ere zerbait ikasi dugu. Kantuak aurretiaz irizpide batzuk jarrita sortu ditugu, idazlan bat bokalik gabe idatzi beharko bagenu bezala.

Kantuak erabat itxita eraman dituzue estudiora? Zer tarte utzi diozue ekoizle bakoitzari bere nortasuna, rockaren ertz metaleroena, ertz popena eta ertz punk-hardcoreena, isla zezan? Zelan laburtuko zenituzke Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevensonekin egindako lanaldiak?

Egia esan, ekoizlearen aukeraketa ez da arbitrarioa izan, noski. Estiloen gainetik dauden ekoizleak aukeratu izan ditugu beti, oso harrikada berezia dutenak, Albinitik hasi edo Ross Robinsonengana helduta. Horrek, adibidez, Sepulturaren diskoak, The Curerenak eta At the Drive-Inenak egin ditu, eta horiek zer dute komunean, bada? Zera, disko horiei darien energia hori, muturrera eramandako zerbait direla lanok.

Ross Robinsonen ekarpena horixe da: beti musikariaren egoera animikoari begira, musikaren gaineko bere filosofia, esperimentaziorako prestasuna eta puntu ero bat ere ematen ditu, nolabait esateko; ez hainbeste soinua edo zer anplifikadore erabili. Rossekin kantu aldrebesagoak, egitura bihurriagoko kantuak, grabatu ditugu, kantu luzeagoak, batzuk behintzat. Normalean ez dugu ekoizleekin errepikatzen, baina Haria-rekin oso gustura gelditu ginen, eta elkarrekiko nahitasun bat sortu zen, nolabait esateko. Berak bere burua eskaini zuen berriz gurekin lan egiteko, gogotsu zegoen, eta aukera baliatu genuen. Oso pozik gaude.

Hirugarren sortako kantuak, Bill Stevensonekin grabatutakoak, adibidez, zuzenagoak dira, eta bigarrenekoak estilo aldetik gure orain arteko soinutik gehien aldentzen direnak dira.

Gorka Urbizu, "B Aldea" saioan, "Lemak, aingurak" bigarren sortako kanta jotzen

Dena den, galderari erantzunez, gure ustez, estudioan esperimentatzeko biderik onena ez da dena irekita eramatea, baizik eta oinarri sendo bat eraman eta, gero, horren gainean jarrera irekia izan, ekoizleak kantuari emango dion bidea onartzeko ausardia erakutsi.

"Eta zergatik konformatu, eskaintzen digutena gutxiegi bada?"

Beste batzuk eroso bizi diren lurraldeetatik ihesi, aurrera jo duzue zuen ibilbidean (Europako bira txikiak hastapenetan, Asiarako bisitak, kanpoko ekoizleekin lan egin, disko hirukoitza orain, Ituneseko singleen garaian, diskoetxea sortu duzue...). Jarrerak, arriskuak, gidatzen du taldea?

Beno, konplimendua da hori, jendeak hala ikusten badu. Jarrera oso inportantea da: rocka bizitzaren aurreko jarrera bat dela uste dut, eta ezinbestekoa da jakin-mina, etengabeko bilaketan zerbait ikasteko grina, nahiz eta hamaika mila urte eraman honetan. Hori da oxigenoa talde batentzat.

Talde askok nolabaiteko erosotasun baterantz jotzen dute, eta hein batean normala da, baina niri, musikari bezala, ez zait hori gehiegi interesatzen. Nahiago dugu beste bide batzuk jorratu. Guk oso publiko fidela dugu Euskal Herrian, eta jo eta su aritu ahalko ginateke hemen jotzen, baina ikusi dugu guretzat inportantea dela erronka berriei eustea, eta, esaterako, gure hizkuntzaren esparru naturalarekin haustea.

Ekoizleen gaia ere horrekin lotuta dago. Disko asko egin ditugu Euskal Herrian, eta disko oso onak egin daitezke hemen, noski, baina Albini batekin grabatzeak edo Bill Stevenson batekin bi aste egoteak ematen dizun irakaspena beste zerbait da; ez bakarrik soinuagatik, izan ere guretzat soinua ez da inoiz lehentasuna izan, baizik eta beste gauza askorengatik.

Hitzei begiratuta, lanaren osotasuna zaindu egin nahi duzuela igartzen da. Bitxikeria bat ere badago: lehen diskoko kantuen izenburuek hitz bat dute, bigarrenekoek bi eta hirugarrenekoek hiru. Nahita egindakoa da hori, ezta? Hiru disko izanagatik, lan oso bat egin duzue, ez da hala?

Bai. Gu horretan eskola zaharrekoak bilakatu gara agian, nahi gabe, baina kantu bilduman sinesten dut. Berdin zait joera singleena izatea edo irratietan kantu bakarra jartzea. Guri hori bost axola.

Ez dut esaten disko kontzeptualak egin behar direnik, baina taldearen egoera ezin duzu kantu bakarrarekin adierazi, eta horrelako esperimentu batean garrantzitsua zen, nahiz eta energia ezberdineko hiru kantu sorta izan, Berri Txarrakek 2014an grabatutako hogei kantu direla adieraztea.

Hitz aldetik ere, hogei kantuak gehituta horrelako mosaiko edo puzzle bat osa dezakezu, gure gaur egungo nortasuna zein den ikusteko.

Berri Txarrak 2014

Aldatu al da hogei urteotan musikarekin edo gitarrarekin duzun harremana? Idazle bezala ere, gero eta zailagoa ote da, zuk eginiko hitzak metatzen doazen neurrian, zer esan eta nola esan aurkitzea?

Bai, bada erronka bat. Artistak beti hobetu nahi izaten du aurretik eginikoa, eta hori izaten da askotan gure obsesioa.

Hitzei dagokienez, duela 30 urte askatasuna, justizia eta horrelako hitzek indar handia zuten agian, gehiegi erabili gabeak izan zitezkeen eta aldarrikapen kutsuko kantu bat egiteko aproposak akaso.

2014an, baina, zer da justizia? Zer da askatasuna? Askatasuna Movistarren eta Vodafoneren artean aukeratzea izan liteke egun; horri ere askatasuna deituko dio batek baino gehiagok. Hitzak higatuta, gastatuta eta itxuraldatuta heldu zaizkigu, eta kontuz ibili behar da. Denboratxo bat daramat buruhauste horrekin.

Gauzak ezbaian jartzen, fokua normalean egoten ez den tokira bideratzen, saiatzen naiz, topikoetan erori gabe, gastatuta heldu zaizkigun hitz horiek erabili gabe. Niretzat, hor dago koska.

Musikari bezala, beharbada gitarra sekula baino gehiago jotzen ari naiz azkenaldian. Inoiz ez naiz gitarrista teknikoa izan; teknika ondo dago, baina atzetik zerbait badago. Ni kantu on baten bila joaten naiz beti, eta orduan ez zait hainbeste inporta teknika... Periferia da hori. Berri ez da inoiz talde teknikoa izan, baina interesgarriagoa zait gure kantuek entzuleengan eta geure buruarengan zer sentimendu helarazten duten.

Gitarra eskura izaten dut beti orain, egongelan. Edozein unetan harrapa dezaket eta ez naiz eskalak-eta egiten ibiltzen, baina bai riff-ak sortzen, melodiak kateatzen... ikertzen.

"Grohl, hator!"

Durangoko hitzordua inguruari argazkia egiteko aprobetxatzen dute askok. Zer argazki aterako zenioke zuk euskal musikagintzari berorren ikuspegi bakoitzetik; hots, arlo artistikoa (eszena) eta arlo ekonomikoa (industria) kontuan hartuta?

Beldur apur bat ematen dit hau esateak, baina artistikoki ez dut oso panorama interesgarria ikusten. Zenbait faktorek garai oso interesgarria bizi ez dugula adierazten dute; adibidez, bertsio taldeek duten erakarmen mailak: beren kantuak egiten dituzten taldeena baino handiagoa izaten da askotan, eta hori oso seinale txarra iruditzen zait.

Bestalde, hedabideen zain ezin gara egon, hori argi dago, baina horietan inposatu den eredua (epaile bat jarri, beste batzuen kantua abestu...), makrokaraoke hori, ez dut oso ondo ulertzen, ez dakit ekarpen handirik egiten dion musikari. Desprestijiatzen ez ote duen ere ez dakit. Karaokea oso dibertigarria da, agian, kantatzen duenarentzat, baina hori ez da, nire ustez, kulturaren muina. Beste gauza batzuk askoz interesgarriagoak izango lirateke.

Hemen, Lekunberrin, Kantina Rocken kontzertuak antolatzen ari gara, eta jendea erakartzea zein zaila den konturatu naiz. Eskaintza nahiko plurala da estilo aldetik, aretoak eskura dauzkagu, jotzeko azpiegitura egokia dago, nahiz eta hobetzeko gauzak badauden, baina ez dakit publikorik dagoen denontzat. Beharbada gaztetxoen aisialdiak beste norabait jo du eta ez daukagu erakartzeko indarrik. Hor badago zer hausnartu.

Berri Txarrak

Industriari helduz, hogei urte hauetan denetarik ikusi dut: diskoetxeen mundua, Interneten sarrera, pirateria, agoreroen aldarria singleak bakarrik biziraungo zuela esanez... Niri iruditzen zait euskal eszenak ez duela Internet behar den moduan baliatu eta hor ere ibilbide handia dugula egiteko. Euskal musikaren ehuneko handi bat zirkuitutik kanpo dago, ez dago Spotifyn eta ez dakit non dauden orain hori jo eta ke defendatzen zutenak. Hori gure salbazioa izango zela esaten zuten, eta ez dakit behar bezala ustiatu dugun.

Horrez gain, euskal eszenak halako bitxikeria asko dauzka. Gutxitua da, euskaraz egiten dugulako, hizkuntza minoritario batean, baina horren atzean badago eroso, erosoegi, dagoenik. Hizkuntza minoritario batean abesteak ez du esan nahi beti minoritario izan behar dugunik. Beharbada, euskaldunok besteek egiten dutenaren bikoitza edo hirukoitza egin beharko dugu arreta emateko, baina egin dezagun. Euskal musika kalitatearekin lotu beharko litzateke , eta horretan lan egin behar dugu sortzaileok.

Bukatzeko, test bat proposatuko dizut. Aukeratu...

Euskal talde edo musikari bat:

Willis Drummond iruditzen zait orain euskal eszenan dagoen talderik onena, beharbada.

Atzerriko talde edo musikari bat:

Midlake

Disko ezinbesteko bat:

Niretzako klasiko bat, Rage Against the Machineren Evil empire.

Idazle bat:

Raymond Carver da nire kutuna, beharbada.

Liburu bat:

Katedrala edo Tres rosas amarillas, Carverrenak berarenak.

Kantari bat:

Kurt Cobain oso kantari ona zela iruditzen zait. Batzuetan ez da baloratzen, baina hala da. Horrelakoetan, beti teknika handiko musikariei begiratzen diegu, baina Josh Homme bat, adibidez, harrigarria da.

Gitarrista bat:

Josh Homme bera, musikari integrala.

Bajista bat:

Geezer Butler. Eta oso ona da, halaber, emakume musikariak aldarrikatzeko, Paz Lenchantin, Pixiesen dabilena. Birritan ikusi dut eta zuzenekoan ikaragarria da.

Bateria bat:

Asko gustatzen zait Jon Theodore, Mars Voltan hasi zena. Orain, Queens of the Ston Agen dabil.

Eta Dave Grohl ere bai. Ni oso nirvanazalea naiz, gitarra beraiengatik hartu nuen. Harrigarria da gero Foo Fightersekin egin duena, baina bateria moduan daukan groove hori eta indarra... Faktore guztiak kontuan hartuta, oso bateria ona iruditzen zait.

Kontzertu bat, ikusle moduan:

Azkenekoz Ty Segall ikusten egon nintzen, baina flipatu Bon Iverrekin egin nuen, joan den urtean. Gero, rockeroago, Red Fangekin batera jo genuen Frantziako jaialdi batean duela gutxi eta kontzertu handia eman zuten.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena