Itxi

Musika

Heriotza

Oroitz Maiz akordeoilaria hil da

Erredakzioa

Gabiriako musikaria Bartzelonan bizi zen. Han garatu du azken urteetan bere ibilbidea.

  • Oroitz Maiz

    Oroitz Maiz akordeoilaria. Argazkia: Oroitz Maizen facebooka

Oroitz Maiz akordeoi-jotzailea (Gabiria, 1983) atzo hil zen, Bartzelonan. Larunbat gauean, afaltzen ari zela, janaria eztarrian trabatu zitzaion. Ordutik, koma egoeran egon da, eta atzo goizean hil zen.

Ormaiztegin hasi zituen musika ikasketak Oroitz Maizek. Akordeoi klasikoan lehen urratsak Carlos Iturralde eta Miren Iñarga irakasleekin egin zituen, Akordeoi Ikasketen Nazioarteko Zentroan. Ondoren, harmonia eta musikaren egitura ikasi zituen Madrilen, eta, Iñaki Alberdirekin batera, akordeoi ikasketak sakondu zuen. Alemanian ere egin zituen akordeoi ikasketak, Stefan Hussong irakaslearekin batera.

Hainbat orkestra sinfoniko eta ganbera-orkestrarekin batera, kontzertuak eskaini zituen Maizek, eta bakarlari moduan ere egin zituen emanaldiak. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Bartzelonakoarekin, Kataluniakoarekin eta Liceokoarekin ere aritu zen.

Komunikabideentzako grabaketak ere egin zituen, ETBrentzat, Catalunya Radiorentzat eta Radio Nacional de Españarentzat, besteak beste.

Akordeoiak Bartzelonara eraman zuen Oroitz, eta azken urteetan han bizi zen.