Publizitatea
Itxi

2015/11/20

09:31

Musika

Elkarrizketa

Ken Zazpi, zeru berrietan hegan

Natxo Velez | eitb.eus

Ken Zazpi taldeak “Phoenicoperus” diskoa kaleratu du, eta aire berriak dakartza seigarren honek: aurrerapausoa eman du taldeak, Ricky Falkner ekoizleak gidatuta. Eñaut Elorrietarekin hitz egin dugu.

1:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Segurtasunen diktadurapean bizi gara: ?dudarik gabe? eta gisa horretako esaldi sasibiribilak hitzetik hortzera ibiltzen dira gau eta egun, tabernan, ikasgelan eta pulpitu erlijioso zein laikoetan; konbentzimendua txalotu eta saritzen da, oinarri sakon baten gainean altxatutakoa izan edo ez, eta dudak, berriz, ahuldadea islatzen du zenbaiten buruetan.

Duda, ataka, da, baina, aurrera egiteko abiapuntua, mugitzeko erregaia, eta hala izan da Ken Zazpiren kasuan ere. Inflexio-puntura lerratu zen taldea Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin diskoa atera eta gero, aurreko formula arrakastatsua ?agortuta? zegoela uste baitzuen.

Halere, errautsetatik berriz sortzen den fenixaren irudiari helduta, eginetan agertu du taldeak jausi eta gero zutitzea etortzen dela: norabide egokian jarri ondoren, Ricky Falkner ekoizleak (Standstill, Love of Lesbian, Sidonie, Berri Txarrak?) bultzatuta, bidea urratzen jarraitu dute ?Phoenicoperus? disko ausartagoan.

Eñaut Elorrieta taldeko gitarrista eta abeslariak diskoaren nondik norakoak aletu dizkigu elkarrizketa honetan.

Krisi bat dago ?Phoenicoperus? diskoaren sorburuan, eta konstantea da diskoan errautsetatik sortzen den fenixaren irudia. Zerk eragin zuen taldea puntu horretara heltzea, eta, batik bat, zerk zabaldu zuen beste disko bat egiteko zirrikitua?

Uste dut galdetzen didazunak ?Phoenicoperus? kontzeptura heltzeko prozesuan duela oinarria. Orkestrarekin egindako diskoak inflexio-puntu batean jarri gintuen talde bezala: aurretik erabilitako moduak agortuta gelditzen ari zitzaizkigula sentitzen genuen, eta Ken Zazpik beti eduki du aurrera egiteko, erronka berriak bilatzeko, gogoa.

Nondik jo eta nola egin erabakitzeko atakan geundela, istorio bat entzun genuen. Bada arrano espezie bat, 10-13 urte bizi dena, eta, une jakin batean, bere lumajearekin hegan egiteko pisutsuegi bihurtzen dena; gainera, mokoa ere gastatzen zaio, eta ez dio ehizatzeko balio izaten.

Espezie horietako gehienak hil egiten dira puntu horretan, baina batzuk, egoera horretara heltzean, habiara bueltatzen dira, eta, mingarria izan behar den arren, luma guztiak kentzen dituzte, mokoaz erauzita; ostean, mokoa ere ateratzen dute, harkaitzen kontra joz. Bada, hori egiten dutenei luma eta moko berriak hazten zaizkie, eta iruditzen zitzaigun sinbolikoki guk ere bagenuela garaia luma eta moko zaharrak erauzteko.

Bestalde, 20 urte daramatzagu elkarrekin, eta hasi ginen berberak gaude, baina hori ez da lortzen bidegurutzerik zeharkatu gabe. Krisiek harreman bat hil dezakete, baina garbitu eta arindu ere egin dezakete, era berean, eta eboluziorako beharrezkoak direla iruditzen zait.

Hori guztia, dena dela, taldeari dagokio, harreman pertsonalen arloari, baina kontzeptua, errautsetatik jaiotzen den hegaztiaren mito greziarra, eremu sozial edo politikora ere eraman ahal dugula iruditzen zaigu, gure herria ere inflexio-puntu batean, aldaketa sakonak izateko garaian, dagoela ikusten dugulako.

Estetika musikalari eta mezuari dagokienez nondik tiratu ez genekiela ibili eta gero bide hori, argi hori, ikusi genuenean, hegoak astintzen hasi ginen.

Ez da, horrenbestez, lan batetik bestera ohikoa den aldaketa musikala bakarrik sumatzen disko berrian. Zerbait gehiago ere badago?

Bai. Eta musikalki ere, uste dugu sorkuntzarako gakoetako bat bide erosoetatik aldentzea dela. Egiten duguna zintzoki sinestera eramaten gaituena bide ezezagunetan murgiltzea da, desikastea. Aurretik erabili ditugun eta agortutzat eman ditugun formulak hautsi nahi genituen.

Helduleku seguru horietatik askatzen zarenean, aukera berriak sortzen dira, baina bertigo handiko uneetatik pasatzen zara. Halere, iruditzen zait oso interesgarria dela sorkuntzarako, talde bat bizirik egoteko eta horrelako lan bat benetakotasunetik aurkezteko.

ken zazpi phoenicoperus

Argazkia: Lander Garro

Kontzeptua aurkitu eta gero, zelan hasi zineten kantuak konposatzen?

Normalean, Beñat Serna gitarristak eta biok hartzen dugu alderdi musikaleko hasierako sorkuntzaren pisua, eta gero, hitzetan, Jon Mikel Arronategirengana jotzen dut gehiago. Dena den, gero talde-lan bat dago.

Kasu honetan, prozesuan bertan kristoren aldaketa egon da, Ricky Falkner diskoaren ekoizleak estudioan bertan hasi baitzuen bere lana, ez lehenago. Hortaz, gu estudiora kantuak ondo entseatuta heldu behar izan gara, baina, aldi berean, jarrera irekiarekin, estudioko grabazio prozesuan aldaketak egiteko eta onartzeko prest.

Beti dena oso lotuta eraman izan dugu orain arte, baina oraingoan hobe genuen aurretik egindako konponketei-eta kariño askorik ez hartu?

Zergatik jarri duzue Ricky Falknerren eskuetan zuen bidean mugarria izan behar den diskoa?

Argi genuen gure ohiko britpop-eko errekurtsoetatik aldendu nahi genuela, dinamika sotilagoak lortu, ñabardurei garrantzi handiagoa eman, zerbait esperimental eta ausartagoa lortu, fresko eta zikinagoa ere? Eta gidari bat behar genuen horretarako.

Rickyren aurreko lanak entzunda, usaintzen genuen berak bazuela eskarmentua halako bideetan, baina, tira, intuizio bat zen, berarekin aurrez aurre egon arte ez delako jakiten benetan nola joango den.

Orduan, Bartzelonan berarekin elkartu ginen, eta konbentzitu egin gintuen. Asmatu egin dugula uste dut; azkenean, bidelagun bat behar izaten da horrelakoetan, nolabait ere berarengan abandonatzeko aukera ematen dizun norbait. Are gehiago: bera estudiora heldu aurretik ere, motibatu egiten zaitu halako figura batekin lan egin behar duzula jakiteak, eta hori ere interesgarria da.

ken zazpi. argazkia: facebook ken zazpi

Batzuetan, ekoizleek amildegitik botatzen zaituzte, zu zeure kabuz ausartuko ez zinatekeen gauzak egitera, eta horretan seguru sentitzen zara irizpide kualifikatua duen norbait alboan duzulako. Gero igual konturatzen zara amildegirik ere ez zegoela, baina katalizatzaile bat behar izaten da, barruan eman nahi dituzun aldaketak azkarrago lortzen laguntzen dizun pertsona bat.

Asko gustatzen zitzaigun, gainera, Ricky musikaria eta abeslaria dela; bateria jotzen du, baxua? Eta uste genuen jakingo zuela bakoitzarengana hurbiltzen, bidea errazten? Ekoizle musikal eta psikologo lanak egin ditu, erdi eta erdi.

Diskoko doinuei helduta, singleen garaia bizi du merkatuak egun, baina zuek diskoari batasuna emateko ahalegina egin duzue, usain bertsuko sintetizadore eta teklatu soinu konstantea daude disko osoan, interludio eta epilogo instrumental bana sartu dituzue, hitzetako asko testuinguru berean mugitzen dira?

Bai, nik uste dut gure diskorik homogeneoena dela beharbada, eta egia da, halaber, sintetizadoreek pisu handiagoa dutela: 80ko hamarkadako kutsua izatea nahi genuen?

Kantu bakoitzari bere bide propioa eskaini diogu, eta, ohiko erreferentzietatik aldenduta, soinu propioaren bila sakondu dugu.

Bestalde, pasarte instrumental horien bidez, alderdi esperimentalenari bidea eman eta diskoaren kontzeptu teorikoa (phoenicoperusa, bizitza eta heriotza) sendotu nahi genuen.

Espontaneoagoak, askeagoak, izaten saiatu gara. Ez diogu, adibidez, kantuen iraupenari begiratu.

?Phoenicoperus?en, gainera, kantuak ez dira horren bat-batekoak: ertz gehiago dituzte, geruza gehiago. Sakontasunera jo duzue, ñabardurei garrantzia ematera? Ekoizpen lan handia dago.

Alde batetik, kantuak egituratu eta musikatzeko garaian, loser-agoak izaten saiatu gara, nolabait esateko, ez horren efektistak izaten. Kantuaren barne-dinamika sotilagoak eraiki ditugu, ñabardurei garrantzia emanda. Klimaxetara heltzeko, pasarte errepikakorrak erabili ditugu.

Bide horretan, zailtasunak izaten dira sorkuntzan, askotan ez baituzu jakiten noiz ari zaren kantu bat zabaltzen, handitzen, edo noiz hasten zaren mugatzen. Bada, horretarako, oso interesgarria izan da Rickyren ikuspegia. Oso fresko entzun ditu kantuak, eta askoz ere objektiboagoa izan da gauzak proposatzerakoan edo kantu bat zerk trabatzen duen esateko orduan, berbarako.

Zuk kantu bat milaka aldiz jo duzuenean, sorkuntzan parte hartu duzunean, zaila egiten da ikuspegi hori eduki ahal izatea, zein pasarteri eman behar diozun, adibidez, garrantzi handiagoa edo txikiagoa.


"Oihu-loreak"

Hitzak idazteko, Harkaitz Cano, Jon Maia, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Joseba Sarrionandia, Lander Garro eta Jon Mikel Arronategirengana jo duzue. Zelan lan egin duzue beraiekin? Zergatik aukeratu dituzue eurak?

Cano, Iturriaga, Lander Garro eta Arzallus berriak dira Ken Zazpiren hitzetan, eta nahita egindako zerbait izan da, lehen aipatu dudan aire berri hori hitzetan ere igartzea nahi genuen eta. Sarrionandia, bestalde, beti izan da gure bidelagun, eta asko inspiratzen gaituen idazle bat da.

Parte hartu duten idazle guztiei oso ondo azaldu genien ?Phoenicoperus? lanaren kontzeptua, gu zer unetan geunden eta abar, idazteko orduan kontuan har zezaten. Lan egiteko moduari dagokionez, kantu eta melodiak konposatuta bidaltzen genizkien, baina ez itxita. Horrela, eurek idatzitakoa kantatu eta moldatzen genuen, eta atzera bidaltzen genien berriro doitzeko. Elkarlanean aritu gara.

Arlo tematikoan, diskoaren kontzeptuari esplizituki lotuago dauden kantuak daude, eta gero, adibidez, Amets Arzallusen hitzek immigrazioa eta errefuxiatuen gaia jorratzen dute, eta Sarrionandiarena "Mozal Legearen" aurkako kantu bat da.

Azkenean, disko hau egitera bultzatu gaituzten indarrak kontuan hartzen dira lan osoan, baina baita gaur egungo gertakizun sozial eta politikoak ere.

Zer asmo dituzue diskoa zuzenean aurkezteko?

Urtarrilean hasiko gara aurkezten. Neguan, biraren lehen atalean, antzokiak eta aretoak egingo ditugu.

2013an, bakarkako ibilbideari ekin zenion, ?Deserriko kantak? diskoarekin. Zer eragin izan du horrek Ken Zazpiren disko berri bat egiten jartzeko unean? Erraza al zaizu buruan musika-adierazpen baten eta bestearen arteko muga ezartzea?

Ez da horren erraza. Bakarkako ibilbidera Ken Zazpirekin ikasitako gauza guztiak eraman nituen, eta, halaber, bakarkakoak ere busti nau eta barrua aldatu dit. Orduan, ikuspegiak eta moduak aldatzen joaten dira, eta horrek eragina du egiten duzun guztian.

Egia da une jakin batean Ken Zazpik ez zizkidala asetzen neuzkan kezka musikalak, eta bakarkako ibilbideari ekin nion. Horrek beste esperientzia batzuk izatera eraman ninduen, eta orduan ikasi nituen guztiek busti dute, nolabait, Ken Zazpi.

Modu berean, egia da hasiera batean kostatu egin zitzaidala Ken Zazpin berriro neure burua aurkitzea, eta prozesu bat bizi behar izan nuen neure burua talde proiektu batean birkokatzeko eta horretan ilusionatzeko.

Baina uste dut egoera horiek bizitzea, tuneletik pasatu eta argia ikustea, ona dela beti: nire bakarkako proiektuak indarra eman zidan, eta orain Ken Zazpin Rickyrekin-eta taldean bizitako guztia motxilan daramat, eta badaukat asmoa nire bakarkako bidean jarraitzeko; seguru horiek guztiak aplikatuko ditudala bakarkako nire hurrengo lanetan.

ken zazpi. argazkia: facebook ken zazpi

Durangoko Azokaren atarian gaude, hausnarketa egiteko garaia izaten da hau. Zer esan zenezake euskal musikagintzari buruz, nola sormenaren aldetik hala industriarenetik?

Ni pixka bat kezkatuta nago, baina ez horrenbeste sormenaren aldetik, gustukoak izan ala ez, gauza ezberdin asko sortzen baitira eta panorama oso aberatsa baita. Kezkatzen nauena da iruditzen zaidala ez daukagula herri bezala estrategia kulturalik epe ertain eta luzera.

Ondoen ezagutzen dudan esparrua musikariena da, eta hor bakoitza berera joaten garela esango nuke, bizirautera. Guk ere autokritika egin beharko genuke geurea defendatzeko eta presiobide kolektibo bat egiteko, baina, aldi berean, iruditzen zait exijentzia bat egon behar dela erakundeei eta alderdi politikoei begira.

Ez dut ezagutzen inongo sentsibilitatetako alderdi politikorik estrategia kultural bat planteatzen duenik. Nire ustez, herri baten maila bere kulturari ematen dion garrantziaren arabera neurtzen da, eta, zentzu horretan, ez gaude oso herri osasuntsuan. Gure herriak ez ditu bere sortzaileak estrukturalki behar beste zaintzen.

Begiratzen dut nirearen aurreko belaunaldiko sortzaileak nola dauden, eta ikusten dut musika oso lotuta egon dela herri honetan era guztietako ekimenei; denek izan dute bere kantua? Gaur egun, baina, 70eko edo 80ko hamarkadako hainbat musikari oso minimoetan bizitzen daudela ikusten dut. Horietako baten bat hiltzen denean, lehendakaria joango da hiletara, agian, baina, bitartean, inor gutxi kezkatzen da horien egoeraz.

Eta gehien kezkatzen nauena da ea kezka musikal hau benetan dagoen herrian, ez erakundeetan baizik eta ea herria benetan arduratzen ote den. Batzuetan zalantza egiten dut benetan badagoen.

Ni oso babestuta sentitu naiz, bai Ken Zazpirekin bai nire bakarkako ibilbidean: kontzertuetara jendea etortzen da, diskoa mugitu egiten da? Zentzu horretan, pribilegiatua naiz, baina arduraz begiratzen diet gai hauei. Badaude kezkatzeko seinaleak.

Durangoko Azoka bera ezinbesteko bihurtu da, dependentzia ikaragarria da. Ekimen bezala, oso interesgarria da, baina batzuetan helduleku bakarrenetakoa bihurtzen da sortzaileentzat; oso sintomatikoa da hori, eta nolabaiteko ahuldadea islatzen du.

Bukatzeko, test bat proposatuko dizut. Aukeratu?

Euskal talde edo musikari bat: Mikel Laboa

Atzerriko talde edo musikari bat: Bon Iver

Disko ezinbesteko bat: Mikel Laboaren ?Lekeitioak?

Idazle bat: Joseba Sarrionandia

Liburu bat: Sarrionandiaren Kartzelako Poemak

Kantari bat: Leonard Cohen

Gitarrista bat: Paco de Lucia

Baxu-jotzaile bat: Colin Greenwood (Radiohead)

Bateria bat: Stewart Copeland

Kontzertu bat, ikusle moduan: Oskorriren agur-birako lehen kontzertuan egon nintzen, Getxon, eta hunkitu egin nintzen, bai, nire gaztaroko soinu bandetako bat baita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;