Itxi

Musika

Jaialdia

9 film lehiatuko dira Dock of the Bay dokumentalen jaialdian

Agentziak | Erredakzioa

Lehiaketatik kanpo, 6 film erakutsiko ditu musikari buruzko dokumentalen jaialdiak Donostian, urtarrilaren 9tik 16ra.

  • "Can't stand losing you" lanak Police taldea du hizpide

    "Can't stand losing you" lanak Police taldea du hizpide

Dock of the Bay musikari buruzko dokumentalen Donostiako jaialdiak bederatzigarren edizioa ospatuko du aurten, eta, horretan, lehiaketaren barruan bederatzi film eta, lehiatik kanpo, sei lan gehiago ikusi ahalko dira. Horien artean, David Truebak Fran Nixoni buruz eginiko filma edo “Can’t stand losing you” Police taldeari buruzko lanaren Estatu mailako estreinaldia izango dira.

Urtarrilaren 9tik 16ra egingo duten jaialdian, ekimen paraleloak egongo dira, hala nola kontzertuak, erakusketa bat, musika-dokumentalari buruzko ikastegi bat eta hainbat publikazio. Azken horiei dagokienez, “Elefantes Rosas” Serge Gainsbourgi buruz Felipe Cabrerizok idatzitako biografia izango da argitaratuko duten lehen lana.

Dock of the Bayk nazioarteko eta bertoko lanei begiratzen die, eta, azken horietatik, “Sondido Pamplona” Nafarroako hiriburuan 80ko eta 90eko hamarkadetan sortu ziren taldeei buruz Beatriz Echeverriak eginiko dokumentala erakutsiko dute, besteak beste.

Halaber, "Don't Think I've Forgotten-Cambodia's Lost Rock and Roll" Kanbodiako eszenari buruzko lana, “Cool cats” Ben Webster eta Dexter Gordonek Danimarkan izandako bizipenen bilduma, Elliot Murphy eta Mavis Staplesi buruzko dokumentalak... Denetarik ikusi ahalko da Gipuzkoako hiriburuan, 8 egunez.

Urtarrilaren 13an, Elliot Murphyk berak kontzertu akustikoa emango du, gainera, berari buruzko filmaren emanaldiaren ostean, eta, hilaren 15ean, Fran Nixonenek kontzertua emango du Dabadaba aretoan. Bukatzeko, hilaren 16an, Sen Senrak ere joko du, toki berean, itxiera ekitaldian.

Lehiatik kanpoko filmek The Jamen, Janis Joplinen, Nina Simoneren eta Berlingo Harresia jausi osteko hamar urteetan Berlinen entzuten ziren taldeen musika eramango dute pantailara.

Gainera, “Can’t stand losing you” The Policeri buruzko dokumentala ere eskainiko dute, euskal zinema aretoetan lehenengoz; izan ere, 2013koa izanagatik, orain arte ez du banatzailerik izan lan horrek. Halaber, “Salir de casa” David Truebak Fran Nixon asturiar musikariari eginiko omenaldia estreinatuko dute.

Ingrid Guardiola, Cintia Gil, Jordi Costa, Javier Rebollo eta Felipe Cabrerizo epaimahaikideek hiru sari banatuko dituzte: dokumental onenaren saria (2.000 euro), Sade saria (1.000 euro) eta publikoaren saria.

likoaren saria.