Publizitatea
Itxi

2015/09/15

09:58

kultura

ELKARRIZKETA

David Trueba: 'Nork bere kontra eginez hasi behar da disidentzia'

NATXO VELEZ | EITB.EUS

Madrildar zinemagile eta idazleak 'Zinema eta disidentzia' San Telmo Museoak 'Pasolini Roma' erakusketaren kariaz asteazken honetarako antolatu duen  mahai inguruan parte hartuko du.

  • "Zinema ideiak eta zinema ideiaduna" zikloan hartuko du parte Truebak, San Telmo museoan.

    "Zinema ideiak eta zinema ideiaduna" zikloan hartuko du parte Truebak, San Telmo museoan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

San Telmo Museoak Pier Paolo Pasolini italiar idazle eta zinemagilearen mundurako leihoa zabaldu du  ekainaren 20tik, "Pasoloni Roma" erakusketaren bidez: poesia, konpromisoa, zinema, adiskidetasuna eta politika uztartzen dituen unibertsoan barneratzeko gonbita egina dugu.

Italiar sortzaile oparoaren lanean eginiko sarraldi honen kariaz, donostiar espazioak "Zinema ideiak eta zinema ideiaduna" zikloa antolatu du irailaren 15, 16 eta 17an, zinemak filosofiarekin, pentsamenduarekin edo giza eskubideekin duen loturari buruz hitz egiteko.

David Trueba (Madril, 1969) kazetari, gidoilari, zuzendari, aktore eta idazleak parte hartuko du, besteak beste, topaketon bigarren jardunaldian, Pasolini ardatz hartuta zinemaren eta disidentziaren arteko harremanaz solastatzeko, norbanakoak, sortzaileak, betibatekotasunetik ihesi bide berriak sortzeko egiten duen borrokaz mintzatzeko.

- Nola aurkeztuko zenioke Pier Paolo Pasolini haren berri ez duenari?

Zuzendari ezohikoa izan zen, jatorria poesian eta irakaskuntzan zuena, eta, hartara, zinemara irudiaren bidetik heldu ez zena. Ondorioz, atzean minaren eta babesgabetasunaren poetika gordetzen duen gizarte erretratua egitea dute helburu haren filmek ia beti.

- Pasolini bera, bertako militante zela, Alderdi Komunistatik bota zuten. Nola kudea dezake sortzaileak disidentzia elkarte arautuen barnetik?

Disidentziarik izatekotan, nork bere kontra eginez, nor bere buruaren aurka borrokatuz, hasi behar da, eta gero norbanakoa masa, publiko, militante edo kontsumitzaile soil bihurtze aldera eginiko saiakera bakoitzari amorratuki aurre egin.

Pasolini homosexuala izatearren eta gaur egun pedofilia esaten diogun horren mugan ibiltzearren kanporatu zuten, komunismoari  traba egiten baitzion gizakiaren konplexutasunak "gizaki berria" zeritzon faxista kutsuko asmakeria sortzeko borrokan ari zela.

Balio al du ezertarako zinema –arte– ez-disidenteak, sinesmen komunetik ateratzen ez denak, bide berririk zabaltzen ez duenak?

Zinemak entretenimenduan, ihesbidean, du bere zutabeetako bat. Bertan dihardutenen adimenari dagokio gozamen komuneko zer horri bizi zentzu sakona emateko lana gauzatzen jakitea.

- Zer sormen lan kultural azpimarratuko zenituzke disidentziaren adibidetzat?

Azkenaldian, hainbat irandar film atsegin handiz ikusi ditut, hala nola "About Elly" eta "Nader and Simin", baita Jafar Panahiren hainbat lan ere, baina, nire ustez, artista guztiek jasotzen dute bizi duten errealitatearen eragina eta norbera kontsekuentea izan behar da. Ez dute konprometituta dauden edo disidente diren itxurarik egin behar, eta hori sarri askotan gertatzen da.

Zinema egitea garestia da, eta ekoizpen asko establishment politiko edo ekonomikoko eragileek finantzatzen dituzte. Nola lor daiteke botere politikoak bera osatzen dutenak zalantzan jartzen dituzten proiektuak diruz laguntzea?

Botere politikoak ez du zertan sortzailearen lanari lagundu. Egitekotan ere, Estatuaren azpiegiturek egin behar dute lan hori, eta alderdien eragin eta aginduetatik zenbat eta askeago egon hainbat eta libreagoak eta sortzaileagoak izango dira horiek.

Espainian, Estatua eta Gobernua, publikoa dena eta hori kudeatzen dutenak, nahasten ditugu beti. Hori definitu eta bereizi egin behar dugu, herrialdeak babestutako jarduera artistikoa indartzeko.

- "Saber perder" zure eleberrian nahasten diren istorioetako batzuetan porrotaren kudeaketaz diharduzu zenbait ikuspegitatik … Nola bidera ditzake artista disidenteak kultur merkatuak ezartzen dizkion zama eta ezinegonak?

Artistak porrota soilik lortzen du. Arrakastaren kontzeptuak kontabilitate arloko akats bat du oinarrian: jende askok zure lana ikusteak edo irakurtzeak lan horren kalitatea bermatzen duela dioen ideia. Eta hori ez da beti horrela izaten.

Horregatik, artista bere burua gainditzeko eta bere maisuak berdintzeko borrokan ari dela uste dut, eta susmoa dut bi lan horietan, nork bere ikuspegitik, maila batean edo bestean porrot egin duela onartu behar izaten duela artistak beti.

Ildo horretan aurrera egitea da gakoa, arrakastaz ari garenean ere. Porrota, beraz, bidelaguna dela ikasi behar dugu, berarekin bizi, eta zure egitekoan akats gutxiago egiten lagundu ahal dizula ulertu.

dizula ulertu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena