Musika
Prince hil da
Indarkeria eta suizidio zantzurik ez,Princeri egindako lehen autopsian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Minnesotako haren etxean hilda aurkitu zuten ostegunean.
Prince pop musikaren ikur handiari ostiralean egindako autopsiaren lehen emaitzaren arabera, haren gorpuak ez du indarkeria zantzurik eta ezta suizidio arrastorik ere.
"Ez zegoen begien bistako traumatismoen zantzurik gorpuan", adierazi zuen Jim Olson Carver konderriko aguazilak kazetarien aurrean. "Une honetan ez daukagu arrazoirik bere buruaz beste egin zuela pentsatzeko. Gainerako ikerketapean dago", gaineratu du.
Dena den, "emaitzen bilketa egiteko egunak beharko dira eta toxikologiako proben emaitza guztiak datozen asteetan ezagutaraziko dira", esan zuen forentsearen bulegoak.
Jim Olsonek azaldu zuenez, Princeren ezagun batek haren etxean utzi zuen asteazken arratsaldeko zortzietan. Bera izan ei zen musikaria bizirik ikusi zuen azkeneko pertsona, Reuters agentziaren arabera.
Olsoneko uko egin zion Poliziak Princeren etxetik elementuren bat eraman zuen ala ez argitzeari, oraindik ikerketa zabalik dagoela argudiatuta. Hala eta guztiz ere, etxean beste inor ez zutela topatu azpimarratu zuen.
Ostiral arratsaldean utzi zuten gorpua familiaren esku, forentsearen bulegoak argitaratutako komunikatuaren arabera.
Joan den astean, Prince Roger Nelson Atlantako ospitale batera eraman behar izan zuten. Aldez aurretik, zihoan hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen, artista ondoezik zegoelako. Gripea zuela esan zuen orduan bere ordezkariak.
Handik ordu batzuetara, etxera joan ahal izan zen, eta, haren ordezkariaren esanetan, ondo zegoen. Are gehiago, hurrengo egunean kontzertu batean agertu zen, eta ondo zegoela esan zien jarraitzaileei.
>