Itxi

Musika

Jaialdiak

Bluesa asteburuan, Getxon eta Hondarribian

Agetziak | Erredakzioa

Getxon, Sugaray Rayfordek abiatuko du jaialdia, Travellin’ Brothers lagun duela, eta Tota Blues Acoustic, Lurrie Bell eta Mr. Sipp arituko dira gaur Hondarribian.

  • James Brownen jatorrizko taldeak ostiralean joko du Getxoko blues jaialdian

    James Brownen jatorrizko taldeak ostiralean joko du Getxoko blues jaialdian

Euskal kostaldean blues doinuak zabalduko dira asteburu honetan, ostegunetik hasita, uztailaren 14an hasiko baitira Getxoko eta Hondarribiko blues jaialdiak.

Hondarribiko Udalak ohar batean azaldu duenez, “dena prest dago” hiru eguneko jaialdia hasteko. Hogei bat kontzertuz gozatu ahalko dituzte herrira bertaratzen direnek, eta batzuk “maila altuko” artistenak izango dira.

Besteak beste, Henry Gray (Hondarribia Blues 2016 saria jasoko du), Lurrie Bell's Chicago Blues Explosion eta Mr. Sipp (osteguna) eta Shemekia Copeland eta Eric Slim Zahl & The South West Swingers (ostirala) arituko dira. Gainera, Etta James omenduko dute larunbatean, kontzertu batean.

Sugaray Rayford, Popa Chubby eta James Brownen taldea, Getxon

Getxoko Nazioarteko XXVIII. Blues Jaialdia ere ostegunean hasiko da, Sugaray Rayford aurretik The Mannish Boys taldearekin lan egin duen kantariaren emanaldiarekin. Kontzertua Bihotz Alai plazan (Algorta) izango da, 20:00etan hasita, eta Travellin’ Brothers bizkaitar taldea izango du lagun Rayfordek.

Ostiralean, The JB's Original James Brown Band, James Brown soularen aita pontekoaren jatorrizko taldea, arituko da Martha Highekin batera, eta, larunbatean, Popa Chubby newyorktarra bluesaren alderik rockzaleenean ibiliko da Getxoko agertokiaren gainean.