Musika
Bira hasiera
Bill Wyman, Rolling Stones ohia, Gasteizen
Erredakzioa
The Rythm Kings egungo bandarekin zuzenekoa eskaini du Aihotz plazan.
Bill Wyman, Rolling Stones taldeko baxu-jotzaile ohia, Gasteizen izan da. The Rythm Kings egungo bandarekin kontzertua eman du, Espainian zehar egingo duten birari ekiteko. Gasteizko emanaldiaren ondoren, Segovian, Santiagon, Oviedon eta Bartzelonan ere arituko da Wyman.
Rolling Stones taldean 31 urte egin ondoren, The Rythm Kings taldea sortu zuen Wymanek 1996an. Blues, soul eta jazz doinuak lantzen dituzte. Struttin our Stuff lehen diskoa 1997an kaleratu zuten, eta Eric Clapton eta Peter Frampton bezalako izen ezagunen laguntza izan zuten lan horretan.
Ostiralean Bill Wymanen doinuak izan dira nagusi Aihotz plazan, eta hurrengo egunean John Mayall blues musikaria igoko da eszenatoki horretara. Un Casco Viejo de Leyenda izeneko ekimenaren barruan kokatzen dira bi emanaldi hauek. Helburua Gasteizko alde zaharra sustatzea da, eta bertan lortzen diren etekin guztiak Tierra de Hombres Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango dira.