Itxi

Musika

''Lo niego todo'' bira

Joaquin Sabinak kontzertua emango du BECen urriaren 7an

N.V. | eitb.eus

Espainiar musikariak Bizkaiko erakustazokan emango duen kontzerturako sarrerak ostiralean, abenduak 16, jarriko dituzte salgai.

Joaquin Sabinak kontzertua eskainiko du urriaren 7an Bilbao Exhibition Centre Barakaldoko erakustazokan, Bizkaia Arena pabiloian. Emanaldi horretan, “Lo niego todo” Leivak ekoitzitako lana aurkeztuko du musikariak, bere ibilbideko hamazortzigarrena.

Kontzerturako sarrerak ostiralean, abenduak 16, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, artistaren webgune ofizialean. Txartel guztiak zenbakituta egongo dira. 

Disko berria 2017ko martxoan argitaratuko du Sabinak, eta “berriztatzeko nahian” aukeratu du Leiva ekoizle lanerako. “Lo niego todo” laneko beste kolaboratzailea, Benjamin Prado, 80ko hamarkadatik du adiskide Sabinak, poeta Rafael Albertirekin ibili ohi zen garaitik.

Sabina kantautore eta poeta azken hiru hamarkadetako espainiar musikagintzan ezinbesteko izena da, eta “19 días y 500 noches” Platinozko 17 Disko jaso zituen lanaren tamainako disko arrakastatsuak kaleratu ditu.

Guztira, estudioko 17 disko, zuzeneko bost lan eta hiru bilduma merkaturatu ditu Sabinak, eta 10 milioi disko saldu ditu orotara. Ana Belenentzat, Andres Calamarorentzat, Miguel Riosentzat eta beste hamaika artistarentzat idatzi ditu kantuak, eta hainbat poema liburu ere kaleratu ditu.