Musika
Bizkaiko Aldundia
Martxoan zozkatuko dituzte Guns N' Rosesen kontzerturako sarrerak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Martxoaren 21ean egingo du zozketa Bizkaiko Aldundiak. 125 sarrera banatuko ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiak onartu ditu Guns N' Roses taldeak maiatzaren 30ean San Mamesen eskainiko duen kontzerturako 125 sarrera zozkatzeko oinarriak. Notario aurrean egingo da zozketa, martxoaren 21ean, eta bertan parte hartzeko, izena eman beharko da, otsailaren 21eko 09:00ak eta martxoaren 14ko 14:00ak bitartean.
Izena emateko, inprimaki bat bete beharko da bizkaia.eus webgunean. Interesdunek izen-abizenak, helbide elektroniko bat, bizi diren udalerriaren posta kodea eta NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dituzte.
Bizkaian bizi diren pertsona guztiek parte har dezakete zozketan. Pertsona fisiko bakoitzak behin bakarrik eman dezake izena, hots, pertsona bakoitzak zenbaki bakarra izan dezake zozketan parte hartzeko.
Zozketa ordenagailuz egingo da, eta Internet bidez emango da emaitzen berri, bizkaia.eus webgunean.
Sarreren esleipena ere, bizkaia.eus webgunean argitaratuko da, eta zozketan parte hartzeko betetako inprimakian adierazitako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie. Datuak telefonoz egiaztatuko dira.