Itxi

Musika

Donostia

Musika Hamabostaldiak ganbera musikako zikloa estreinatuko du, San Telmon

Agentziak | Erredakzioa

Donostiar jaialdiak antolatzen duen ganbera musikaren zikloko kontzertuak ostegunetan egingo dituzte, San Telmo museoaren klaustroan.

  • Miren Urbieta-Vegak eta Ruben Fernandezek itxiko dute zikloa

    Miren Urbieta-Vegak eta Ruben Fernandezek itxiko dute zikloa

Donostiako 78. Hamabostaldiak ganbera musikaren zikloa gehitu dio aurten bere programari, eta, hain zuzen ere, San Telmo museoaren klaustroan egingo dituzte berorri dagozkion kontzertuak, abuztuko ostegunetan.

The Brahms Project taldea, Akilone frantses laukotea eta Miren Urbieta-Vega donostiar sopranoa izango dira Ostegun Musikalak San Telmon izeneko kontzertu sortako protagonistak.

Bihar, hilak 10, egingo dute lau kontzertuetako lehenengoa Brahms proiektuko musikariek: Josep Colome (biolina), Joaquín Riquelme (biola), David Apellaniz (biolontxeloa) eta Enrique Bagaria (pianoa). Alemaniar konpositorearen pianorako 2 eta 3 zenbakietako laukoteak interpretatuko dituzte.

Lekukoa Akolone Quartet Parisko Musika Eskola Nazionalean 2011n sorturiko taldeak hartuko du. Iaz, Quatours á Bordeaux, ganbera musikaren nazioarteko sari garrantzitsuenetako bat, irabazi zuen.

Hilaren 24an, Miren Urbieta-Vega sopranoak itxiko du zikloa, Ruben Fernandez Aguirre pianistak lagunduta. Ohi bezala, euskal konpositoreen errepertorioari begiratuko dio laster Zarzuelako antzokian eta Liceu Bartzelonako antzokian arituko den kantariak, eta Guridi, Usandizaga, Sorozabal, Garcia Abril eta Lavillaren obrak entzun ahalko dira.