Musika
Kontzertuak
Protestak Gasteizen, taberna eta kafetegietan kontzertuak murriztearen aurka
Radio Euskadi
Udalak bi kontzertu baimentzen ditu hilabeteko, Arabako hiriburuko taberna eta kafetegietan.
Gasteizko Udalak taberna eta kafetegietan antola daitezkeen kontzertuen kopurua mugatu du, eta hilean bi egiteko baimena eman du. Hiriko hainbat artista erabaki horren aurka agertu dira egunotan.
Horien ustez, araudia “kulturaren aurkakoa da eta ez du zentzurik”, eta, horrenbestez, Udalari dei egin diote Gasteiz hiriaren bereizgarritzat jotzen duten horiek gabe utz ez dezan.
Izan ere, Gasteizko Udala martxoan hasi zen 2. taldeko lizentzia duten ostalaritza lokalei, taberna eta kafetegiei, araudi berria jakinarazten. Idatzi horretan zehazten denez, lokalek bi kontzertu antola ditzakete hilean, “bizilagunen atsedena bermatze aldera”.
Gasteiztar artisten arabera, zenbatekoa gorabehera, orain arte beti errespetatu da araudia, zarata eta ordutegiei dagokienez; horregatik ez dute aldaketa ulertzen.
Estibaliz Canto Kultura zinegotzia elkarrizketarako prest agertu da, eta artista taldea ere alderdi politiko gehienekin bildu da. Gainera, hilabete honetan, Ingurumen eta Kultura batzordeetan parte hartuko dute.