Itxi

Musika

Elkarrizketa

Ez Dok Fest: 'Aukera desberdin bat eskaini eta gustuko duguna zabaldu nahi dugu'

Natxo Velez | eitb.eus

Eibarko Unbe kirolguneak Ez Dok Fest jaialdia hartuko du ostiral-larunbat hauetan, ekainak 1 eta 2. Besteak beste, Toundra, Belako eta Berri Txarrak taldeek joko dute.

  • Berri Txarrak ostiraleko kartelburua izango da. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

    Berri Txarrak ostiraleko kartelburua izango da. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Bost urtean Ez Dok Eibarko tabernan doako 200 kontzertu baino gehiago eskaintzea nahikoa ez, eta tabernako arduradunek jaialdi bat antolatzea erabaki dute. Iaz, kontzertu batzuk antolatu zituzten kalean (besteak beste, EH Sukarra eta Porco Bravo taldeek jo zuten), eta aurten erronka handitu dute: Ez Dok Fest sortu dute.

Jaialdia Unbe kirolguneko belar artifizialeko futbol zelaian gauzatuko dute, neurriko prezioak izango ditu, antolatzaileen arabera, eta publikoa soilik oinez, taxiz edo antolatzaileek jarriko dituzten autobusetan iritsi ahalko da jaialdiaren eremura, rocka ulertzeko hamaika modu interesgarriz gozatzeko bertan Euskal Herriko eta Estatuko abangoardiako rocka ordezkatzen duten taldeen eskutik.

Ostiralean, Toundra, Belako, Nerabe, Joseba B. Lenoir, Dead Bronco, Jardín de la Croix, Viva Belgrado eta Vulk arituko dira, eta larunbatean Berri Txarrak, Comite Eléctrico, Doblecapa, Mud Candies, The Soulbreaker Company, Melange, Kokein, Futuro Terror, Biznaga eta Cuchillo de Fuego taldeek joko dute.

Beinat Saban antolakuntza taldeko kidearekin hitz egin dugu, geratzeko gogoz jaio den jaialdiaz.

Lehenengo aldiz egingo duzue jaialdia. Nola etorri zitzaizuen jaialdia sortzeko ideia?

Jaialdiaren hazia iaz landatu genuen, tabernaren laugarren urteurrenean: hamar talde izan genituen ekaineko bigarren asteburuan kalean jotzen, eta jendez bete zen. Izugarrizko harrera ona izan zuen ekimenak, eta aurten zerbait gehiago eskaintzeko gogoa geneukan.

The Soulbreaker Company gasteiztarrek larunbatean joko dute

Zein da zuen helburua?

Gure helburu bakarrak aukera desberdin bat eskaini eta gustuko duguna zabaltzea dira. Eibartarron kulturzaletasuna kontuan hartuta, horrelako ekitaldi baten falta sumatzen genuen, eta Eibarko Udalak interesa handia erakutsi zuen proiektua aurkeztu bezain bizkor; atzerapausorik ez emateko moduko laguntza garrantzitsua jaso dugu ordutik.

Rock garaikideko taldeak dira karteleko gehienak. Zein irizpideren arabera aukeratu dituzue?

Alde batetik, uste dugu aniztasuna izan daitekeela jaialdiari zentzua ematen dion faktorea, rockera bide ezberdinetatik heltzen diren taldeak nahi genituen, etiketak albo batera utzita.

Dena den, kartela geratu den bezala geratu arte, talde askoren izenak pasatu dira gure esku artetik, eta azken emaitzaz oso harro gaude. Gainera, joko duten musikarien ia % 40 emakumeak dira.

Unbeko kirol instalazioetan izango da jaialdia. Zer aurkituko dute bertan bisitariek?

Lehenik eta behin, autobusak egongo dira jaialdira doazenentzat. Unbera igotzeko autobusak Txaltxa-Zelai parketik aterako dira, 20-30 minuturik behin. Ibilgailu pribatuetan ezingo da igo; autobusez, oinez edo taxiz bakarrik igo ahalko da.

Bertan 5 furgoneta egongo dira janaria erosi ahal izateko eta pare bat barra edariak zerbitzatzeko. Guztiontzako moduko prezioak izango dira; beraz, ez dugu diru-zorrorik lapurtuko.

Viva Belgradok ostiralean joko du

Kirolguneko belar artifizialeko goiko futbol zelaian izango dira kontzertuak, eta nahi adina aldiz sartu eta irten ahalko da, sarrerarekin batera jarriko dugun eskumuturrekoarekin.

Jaialdiari jarraipena emateko asmorik baduzue? Izango da bigarren ediziorik?

Zalantzarik gabe, erantzuna baiezkoa da, uzten diguten bitartean, eta, bestela ere, horretan jarraitzen ahaleginduko gara. Ez dakigu zein norabidetan, EzDoken zaila baita hori jakitea.