Itxi

Musika

MTV EMA Bilbao 2018

Camila Cabello izan da MTVren EMA sarietako irabazle nagusia, BECeko gala ikusgarrian

eitb.eus

Lau kategoriatan irabazi du kubatar jatorriko artista estatubatuarrak, eta batez ere emakumeak gailendu dira Barakaldoko BECen egin den galan.

  • Camila Cabello, lau sariekin / EFE.

    Camila Cabello, lau sariekin / EFE.

Camila Cabello izan da MTVren Europe Music Awards izeneko sarien galako irabazle nagusia. Sei golardo irabazteko aukera zuen eta lau eskuratu ditu, Barakaldoko BECen, 10.000 lagunen aurrean egin duten ekitaldian.

Kubatar jatorriko artista estatubatuarrak, gainera, kategoria nagusietan irabazi du: artista onena, abesti onena, bideoklip onena eta AEBko artista onena.

"Havana" kantak eman dizkio 2018ko bi MTV EMA: abesti onenarena eta bideoklip onenarena.

Gala gaueko bederatzietan hasi da, eta Hailee Steinfeld abeslari eta aktoreak aurkeztu du. Aurkezleak keinu bat egin dio Bilboko jendeari, hasierako agurrean "Kaixo" esanaz.

Gainera, Dua Lipa izendatu dute pop artista onena; Nikci Minaj, hip hop artista onena; 5 Secods of Summer taldeak irabazi du rock artista onenaren saria, eta Marshmellok, artista elektroniko onenarena.

Cardi Bk artista berri onenaren kategorian irabazi du, eta Panic! At The Disco taldeak, artista alternatibo onenarenean. Zuzenekorik onena Shawn Mendes kanadarrak egin duela erabaki dute bozka eman duten ikus-entzuleek.

Ariana Grandek, Post Malonek eta Drakek ez dute saririk irabazi, kategoria askotan izendatuta izan arren.

Tokiko artista onenaren sailean, bost izan dira lehian: Belako talde bizkaitarra, Viva Suecia, Brisa Fenoy, Love of Lesbian eta Rosalia. Viva Suecia Murtziako rock indie taldeak irabazi du. Mungiako taldeak EiTBren bidez eskertu dizkie zaleei emandako botoak.

Galan zehar, hainbat artistak jarri dute musika, baina Halsey, Rosalia, Nicki Minaj, Jason Derulo, David Guetta eta Janet Jackson izan dira horien artean aipagarrienak.

Janet Jackson estatubatuarra omendu dute sari banaketa ekitaldian, eta, horrez gain, ikono globalaren saria eman diote.

BECeko ekitaldiak amaiera jarri dio MTV Music Week Bizkaiari.