Itxi

Musika

Elkarrizketa

Maria Aliokhina: 'Denok izan gaitezke Pussy Riot'

Natxo Velez | eitb.eus

Errusiar kolektibo artistikoak ‘Riot days’ aurkeztuko du asteazkenean, otsailak 6, Bilboko Kafe Antzokian, Maria Aliokhina taldekidearen liburu homonimoan oinarritutako ikuskizuna.

  • Maria Alyokhina

    Pussy Riotek 'Rit days' ikuskizuna eramango du Bilboko Kafe Antzokira

Maria Aliokhina Pussy Riot errusiar taldeko kideak Riot days bere liburuan, asteazkenez Bilboko Kafe Antzokira ekarriko duen ikuskizuna oinarri duen lanean, esaten duenez, akatsa da askatasunak eta demokraziak betiko iraungo dutela pentsatzea, gutariko bakoitza egunero borrokatu behar baita horien alde. Borrokatu ere, gainera, Aliokhinari Errusian “gertatutakoa” geuri ere gerta dakigun mehatxupean.

Hain zuzen ere, gertatu zitzaion hori du kontagai Aliokhinak, ikuskizunaren zuzendarikideak, liburuan: nola eraman zuen Siberiako kartzela batera ia bi urtez, Pussy Rioteko beste bi kiderekin batera, feminismoaren eta LGTBI herritarren eskubideen aldeko eta Vladimir Putinen autoritarismoaren aurkako borrokak.

Nazioartearen lotsagarri, Ekaterina Samutsevitxi, Nadhezda Tolokonnikovari eta Aliokhinari berari bi urteko kartzela zigorra ezarri zieten 2012an, baimenik gabe Moskuko Kristo Salbatzailearen katedralean protesta kontzertu bat egitearren, non Ama Birjinari eskatu baitzioten Putin boteretik egoztea, punk rock doinuz. 21 hileko kartzelaldia beteta zutela, Errusiar Parlamentuak amnistia onartu zien.

Pussy Riot Argazkia: Denis Sinyakov
Argazkia: Denis Sinyakov

Kaleratutakoan, Aliokhinak ez dio despotismoaren aurka sortzeari utzi, eta Riot days “kontzertu-ikuskizunean” bizipen horiek guztiak taularatzea erabaki zuen, Alexander Txeparukhin ekoizlearekin batera. Punk doinuetatik urrun dagoen emanaldiak Kafe Antzokiko agertokira eramango du Aliokhina bera, alboan dituela Kyril Masheka eta Asian Women On The Telephone (AWOTT) musika elektroniko eta esperimentaleko bikotea.

Aliokhinarekin hitz egin dugu, Pussy Rioti eta horren ikuskizun berriari buruz gehiago jakiteko.

Joan den irailean, bertan behera utzi zenuten Donostia Festibalean eman behar zenuten kontzertua, Piotr Verzilov zuen kolektiboko kidea pozoituta Alemanian ospitaleratu eta gero. Zer moduz dago? Zer dakizue auzi horri buruz?

Bai, hala izan zen. Piotr osatuta dago erabat, eta auzia Poliziaren eta agintarien esku dago; beraz, litekeena da ezer ez gertatzea.

Donostia Festibalerako iragarrita zegoen ikuskizuna, dena dela, ez zen Riot days.

Nola deskribatuko zenuke ikuskizuna? Zer aurkituko dugu agertoki gainean?

Riot days liburuak kontatzen duen istorioa nire lehen ekintzan hasi, eta espetxean egin nuen azken egunean amaitzen da. Baina ez dira oroitzapenak, manifestua da! Gutariko bakoitzak egin dezakeen aukeraren inguruko manifestua da. Hortaz, ez nuen idatzi istorio bat kontatzeko besterik ez, ezpada irakurtzen duten guztioi helarazteko guk denok aukeratu dezakegula eta denok izan gaitezkeela Pussy Riot edo heroi bat.

Hori guztia dela eta, Riot days ikuskizunean manifestuaren narratiba bizia musika eta antzerkiarekin uztartzen da. Lan honen aurretik, Burning doors egin genuen, erresistentzia artistikoari buruzko antzezlan bat, artistek beraien aurka errepresioa erabiltzen duen estatu bati nola aurre egiten dioten erakusten duen lana.

Nik idatzi nuen istorio hori, Petr Pavlenskirekin eta Oleg Sentsov Errusian 20 urteko kartzela zigorra betetzen ari den ukrainar zinemagilearekin batera, eta oso esperientzia garrantzitsua izan zen niretzat.

Ez da antzerki dokumentala, agertokia tortura ganbera bihurtzen genuen lan horretan. Bada, intentsitate maila horretan jarriko nuke Riot days.

Zuen hastapenetan, punk rock oinarrizkoa jotzen zenuten, baina, Riot days-en aurrerapenetan entzun ahal izan dudanez, ikuskizun berrian musika elektronikoa da nagusi. Zelan deskribatuko zenuke Riot days-eko musika?

Ez naiz musikaria, eta askok esaten dute elefante bat dudala belarri barruan, baina, zerbait interesatzen zaidanean, jo eta ke aritzen naiz eta neure onena ematen dut. Egiten dugun honetan, mezua eta elkartasunerako deia dira garrantzitsuena.

Riot days ikuskizuneko musika elektronikoaren jatorria AWOTT (Asian Women On The Telephone) taldearekiko kolaborazioa da. Bikote musikal zirraragarri horrek espazio bikaina aurkitu du bere musikarako.

Gure ikuskizunean, hamaika erritmo elektroniko entzuten dira, baita blues sentimendua eta interpretazio oso bizia ere.

Maria Alyokhina Pussy Riot Riot Days
Musikak mundua alda dezakeela uste duzu? Nola?

Ez bakarrik musikak, arteak eta artistek mundua alda dezakete. Nire ustez, elkartasun artistikoa munduko elementurik indartsuena da egun, elkartasun artistikoa mugen aurkakoa baita erabat. Gure artean ez dago mugarik, aurrean ditugun gaiei kontra egiteko orduan.

Zer deritzozu borroka feministaren gaur egungo egoerari? Iaz, Euskal Herrian lanuzte historikoa izan zen martxoaren 8an, eta kalean erantzun ikaragarria jaso du Manadako erasotzaileen aurkako ebazpenak.

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra nago, baita bidegabekeria sozialen aurka, noski. Emakumeek Espainian antola ditzaketen mugimendu eta protesta harrigarriak ikusi ditut, eta uste dut gu geu, Pussy Riot, garela beraiengandik zerbait ikas dezaketenak. Horregatik, irrikan nago beraiek ezagutzeko eta beraiekin batera zerbait egiteko. Espero dut gure bisitan ezagutzeko aukera izatea.

Eta Errusiari buruz hitz egingo dizut. Errusia ez da bakarrik matxismoz beteriko herrialdea. Txetxenian eta hango beste lurralde batzuetan emakumeak harrika hil ditzakete gona laburregia eramateagatik, dibortziatzea erabakitzeagatik edo beste edozein arrazoi zentzugabe eta ikaragarriengatik. Eta bertakoek tradizioa esaten diete hilketa horiei.

Iaz etxeko indarkeria despenalizatu zela ikusi genuen, kode penaletik atera zuten eta, harrezkero, ez da krimena.

Kalean norbait jotzen baduzu, esaterako, zure aurka egin dezakete auzibidean, baina, senar-emazteak izanez gero, ez dago auzitara jotzerik. Eta Errusian lau familiatik batean etxeko indarkeria izaten da.

PUSSY RIOT Riot Days
Bira urtarrilaren 16an hasi zenuten, Pragan, eta dozena bat kontzertu eman dituzue honezkero. Nola joan da orain arte?

Itzel, negargura ematen dit ia. Sekulakoa da azkenean, horrenbeste zailtasunen ondoren, taularatu ahal izatea eta jendearen txaloak entzutea.

Iaz, Riot days Moskun jokatzea erabaki genuenean, martxoan estreinatu genuen, handik bi astera itxi zuten lokal alternatibo batean.

Gero Estatu Batuetan aritu ginen biran, eta, Errusiara itzulitakoan, berriz Moskun aritzea proposatu nuen. Lokal baten bila hasi nintzen, eta hogei bat agertu ziren kontzertua egiteko irrikan. “Ufa! Hollywooden egon zara! Pussy Riot gurekin egongo dira”, esaten ziguten. Beraz, data ixten saiatzen nintzen, eta biharamunean denek idazten zidaten honakoa esaten: “Asko sentitzen dugu, baina eraikinaren jabeak esan du ezin dugula egin”.

Hainbat hiritan eta Moskuko lokal askotan saiatu ginen, eta beti gertatu da gauza bera. Azkenik, bi hilabeteren buruan lokal bat aurkitu genuen. Lagun zahar baten galeria txikia zen, baina, ehunka ezezkoren ondoren baiezko bat entzuten duzunean, itxaropenari eusten diozu. Eta hemen gaude, Europako bira egiten, eta gero Hego Amerikara eta Zeelanda Berrira joango gara.

Zer esango zenieke euskal jarraitzaileei?

Gure artea eta gure mezua zuekin guztiekin partekatzeko irrikaz gaude. Gertatu zaigun guztiaren ondoren, ohorea da Bilboko jendearentzat jo ahal izatea.

Riot Days Pussy Riot

PUSSY RIOT + New Day

Otsailak 6 (Kafe Antzokia)

20:30 (Ate eta leihatilaren irekiera, 20:00etan)