Musika
Calixto Bieitok zuzendua
Arriagak ‘Mendi-mendiyan’ operarekin itxiko du denboraldia
Agentziak | Erredakzioa
Ekainaren 20an, Bilboko antzokiak gipuzkoar konpositorearen opera estreinatuko du, Arriagak operaren arloan denboraldian egingo duen ekoizpen handiena, Calixto Bieitok zuzenduta.
-
'Mendi-mendiyan' Donostian ere ikusi ahalko da, ekainaren 29an
Arriaga antzokiak “Mendi-mendiyan” Jose Maria Usandizaga gipuzkoar konpositorearen opera taularatuta esango dio agur denboraldiari ekainaren 22an, larunbatean, bi egun lehenago estreinatu eta gero. 28 urte zituela hildako sortzailearen “funtsezko” lanetako bat da.
"Mendi-Mendiyan" lehenengo lan lirikoa izan zen, eta Bilboko Koral Elkartearen aginduz sortu zuen, 1909an. 1910eko maiatzaren 21ean estreinatu zen, Campos Eliseos Antzokian. Orain, 109 urte geroago, Calixto Bieito udal antzokiaren zuzendari artistikoa arduratu da zuzendaritza eszenikoaz.
Lanaren emakumezko protagonista, Ausrine Stundyte lituaniarra, eta aspaldi Bilbon finkatutako baritonoa, Christopher Robertson, izan ezik, abeslari guztiak bilbotarrak dira, Mikel Atxalandabaso tenorra buru.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa arduratuko da Usandizagaren (Donostia, 1887-1915) musika jotzeaz, Erik Nielsen zuzendari titularrak gidatuta. Hain zuzen, Nielsenek gaurko aurkezpenean esan duenez, musika “zoragarria” da eta “aurkikuntza” izan da berarentzat Alemaniako, Frantziako eta Italiako orduko lirikaren ezaugarriak dituen sortze-lan hau topatzea.
Calixto Bieito lanaren eszena zuzendariaren hitzetan, “ia nahitaez egin beharreko lana zen, Europako XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako musika tradizio onenarekin lotuta dagoen euskarazko opera baita”.
Lana ekainaren 20an estreinatuko dute Arriagan, ostegunean, eta 22an ere taularatuko dute. Gainera hiriko hainbat auzotan ere jarraitu ahalko da egun horretan, doan, pantaila erraldoiak kokatuko baitituzte.
Halaber, Donostian, konpositorearen jaioterrian, ere ikusi ahalko da, ekainaren 29an, Kursaalean.