Itxi

Musika

Kontzertu zikloa

Baserriko Uzta: musika eta nekazaritza, elkar hartuta

eitb.eus

Larunbatean, Olatz Salvadorrek Anuntzetan joko du, Beltzitina baserrian. Udan, Eñaut Elorrieta izango da emanaldiaren protagonista, eta udazkenean, Ruper Ordorika.

  • Olatz Salvador

    Olatz Salvadorrek emango du Baserriko Uzta zikloaren lehen kontzertua, ekainaren 15ean

Larunbatean, ekainak 15, abiatuko dute berriz Baserriko Uzta musika eta nekazaritza ekologikoa uztartzen dituen ekimena. Baserri baterako bisita, artista baten kontzertua eta bazkaria proposatzen ditu Baserriko Uztak, eta Olatz Salvador gonbidatu dute denboraldi honetako lehen kontzerturako.

Larunbatean, Salvador bikote formatuan arituko da Anuntzetan (Araba), Beltzitina baserrian, Jagoba Salvador gitarristaren laguntzarekin. Etxaldeko bisitarako, kontzerturako eta bazkari agroekologikorako txartela 20 euroan eros daiteke (12 euroan, 6 eta 12 urte artekoentzat), eta baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzi behar da izena emateko, tokia mugatua baita.

Antolatzaileek beste bi hitzordu jarri dituzte hurrengo hilabeteetarako: abuztuaren 31n Eñaut Elorrieta Pagolako (Zuberoa) Safran Lilian izango da, eta azaroaren 9an Ruper Ordorika Eibarko (Gipuzkoa) Sosola baserrian. Ordorikaren egunerako txartelak agortuta daude dagoeneko.