Itxi

Musika

Kontzertua

Josu Zabalak eta Garik Hertzainak berpiztuko dute irailean Bilbon

eitb.eus

Maldanbera taldeak lagunduta, talde mitikoaren bi kideok ‘Inun baino alaiagoa izanen da’ kontzertua eskainiko dute irailaren 26an, Euskalduna jauregian.

2:23
Gari eta Josu Zabala, kontzertuaren aurkezpenean.

Aurtengo otsail amaieran Garik Arriagan eskainitako kontzertu baten kariaz Hertzainaken errepertorioa berreskuratu eta gero (taldearen kantu batzuk jo zituzten elkarrekin), Garik eta Josu Zabalak ‘Inun baino alaiagoa izanen da’ Hertzainaken emanaldi berezia iragarri dute irailaren 26rako, Euskalduna jauregian.

Maldanbera, Garirekin aritu ohi den taldea, izango dute lagun agertoki gainean egun horretan bi musikariok, eta taldearen errepertorio osoko hamazazpi kantu berreskuratzeko asmoa dute 80ko hamarkadatik aurrera musikagintzan aritutako gonbidatuekin batera.

Taldeak kaleratu zituen sei diskoetako kantak abestuko dituzte, eta, Garik emanaldia aurkezteko prentsaurrekoan esan duenez, "ez da Hertzainaken revival bat izango. Izan ginena izan ginen eta garena gara. Bizitzak berriro elkartu gaitu, eta ospatu gura dugu".

Garik esan duenez, Hertzainakeko kide guztiengana jo dute, baina ez da posible izan taldea osorik batzea "hainbat arrazoi direla medio".

Zabalaren hitzetan, "Hertzainaken abestiak joko ditugu: nostalgia barik, inolako penarik gabe, poz handiarekin eta bizitzarekiko maitasun sakonarekin. Esperientzia berezia eta ederra izango da abesti horiek esanahi pertsonala edo kolektiboa duten pertsona guztientzat".

Sarrerak salgai daude dagoeneko, 27 eta 40 euro arteko prezioan.