Itxi

Musika

54.a

Antolatzaileek bikaintzat jo dute Donostiako Jazzaldiaren aurtengo edizioa

Agentziak | Erredakzioa

54. edizioak 168.000 pertsona bildu dituela iragarri dute Jazzaldiaren arduradunek, eta 2020ko edizioa uztailaren 22tik 26ra izango dela aurreratu.

  • Joan Baez

    Joan Baez kantautore mitikoak zabaldu zuen Jazzaldia

Igandean bukatu zen Donostiako Heineken Jazzaldiaren 54. edizioa “bikaina” izan da, alderdi artistikoari dagokionez, eta 168.000 ikus-entzule bildu ditu, nahiz eta euriaren erruz sei emanaldi bertan behera utzi dituzten, segurtasun arrazoiengatik.

Donostiako udaletxean eginiko prentsaurrekoan, Jon Insausti Kultura zinegotziak eta Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendariak aurtengo ekitaldiaren balorazioa egin, eta iragarri dute datorren urteko Jazzaldia uztailaren 22tik 26ra izango dela.

Martinen hitzetan, Maria Schneider zuzendari eta konpositoreak Trinitate plazan emandako kontzertuak eta “Bagatelles Marathon” John Zornen eskaintzak “une zoragarriak” eman dituzte.

Martinen ustez, “kartelaren buruan zeuden izar guztiek bete dituzte aurreikuspenak”, eta Joan Baez, Jamie Cullum, Joe Jackson, Diana Krall eta Silvia Perez Cruz aipatu ditu horren adibide gisa.