Musika
Aldi baterako
Batzorde batek kudeatuko du Musikene, eta Susok bertan jarraituko du
Erredakzioa
Juan Carlos Perez Musikeneko zuzendari akademiakoa eta Carmelo Labirua-Iturburu ikastegiko arduradun ekonomikoa kargutik kenduko dituzte.
Musikene aldi baterako zuzenduko du kudekaeta-batzorde batek, baina Carmen Rodriguez Susok, egungo koordinatzaile nagusiak, zuzendaritza horretan jarraituko du. Hala ere, langileen kudeaketan ez du zuzeneko funtziorik izango.
Pedro Luis Arias Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak jakitera eman duenez, Juan Carlos Perez zentroko zuzendari akademikoa eta Carmelo Labirua-Iturburu ekonomia arduraduna kargutik kenduko dituzte.
Musikeneko Patronatuak erabaki hori hartu du gaur aho batez, Gasteizen egindako bileran. Musika zentroak bizi duen krisiaz eztabaidatzeko ezohiko bilera egin du Patronatuak. Zuzendaritzako 13 kideren dimisioarekin krisia areagotu da hilabete honetan. Zuzendari horiek kargua uzteko "arrazoi oso ezberdinak" argudiatu dituztela azaldu du Patronatuak.
Arduradun akademiko batek, arduradun ekonomiko batek eta langileak kudeatzeko beste kide batek osatuko dute kudeaketa-batzordea. Bien bitartean, Rodriguez Suso plangintzaz arduratuko da, eta baita Patronatuarekin bitartekari lanak egiteaz ere.
Kudeaketa-batzordeko kide berriak bi edo hiru asteren buruan aukeratzea espero dute. Zenbait hilabete emango dituzte lanean, beste batzordearen lana amaitu arte. Beste batzorde horrek zentroa hobetzeko proposamenak aztertuko ditu.