Itxi

Musika

Egunerokoa

Willis Drummonden "Zugzwang Tour" biraren egunerokoa (IV)

Jurgi Ekiza | Xan Bidegain | Felix Buff

Japoniara, Australiara eta Tahitira eramaten ari dira diskoa Willis Drummondekoak, eta hemen kontatuko dizkigute biraren nondik norakoak.

  • Willis Drummond

    Japonia atzean utzi, eta Australiara iritsi dira Willis Drummondekoak

2020-02-20 12:00 aireportua

Aupa, lagunak! Gaur amaitzen da Tokio, eta Okinawara goaz. Okinawan, kultura eta gizarte berezi bat izan da mendeen mendetan, baina AEBren eta Japoniaren eraginek betiko desmasiak sortu dituzte. Orain, "Japonia tropikala" deitzen diote... Ikusiko dugu!

Koronabirusaren aurreko panikoarengatik, gertakari asko bertan behera gelditzen ari dira Japonian, baina printzipioz Okinawako gure 2 kontzertuak jo egingo ditugu, nahiz eta bat tokiz aldatu duten. Egia erran, gogo handiarekin goaz eta pozik gara Tokiori “agur eta beste bat arte” erratea! Niretzat bereziki, 4 egun pasatzea makrohiriburu batean aski zait! A, eta gauza bat: RAT distortsio/fuzz pedal zahar bat erosi dut! Ona!!!

2020-02-20 16:52
Tokiotik Okinawarako hegazkinean.

Eguna bitxiki hasi da. Japonia osoan, koronabirusaren aferak dimentsio handiak hartzen ditu, eta gertakari anitz suspenditzen hasi dira. Jo behar dugun Sakurazaka Asylum 2020 festibal/azoka mantendua da oraindik, baina arrazoi beragatik moldaketak egin dituzte, programazioan alde batetik, talde batzuk ez direlako gehiago etortzen, baita, bestetik, antolakuntzan ere. Jo behar genuen antzerki batean, baina, azkenean, ez da eginen. Berri ona da klub batera mugitu gaituztela, eta aproposagoa izanen da gure musikarentzat. Galdera da ea antolatzaile eta programatzaileak mugituko diren aretoraino.

Hala ere, edozein gisaz, zinez kontent gara hegoaldeko uhartera joatea. Megalopolia, edozein izanki, ez da gehienik maite duguna, egia erran, kontsumismo hutsaren erreinua baita... Eta berdin Japonian, oraindik gehiago. Ez dugu astirik izan aipatzeko oraindik baina zinez harritu gaituena Tokion (hiri nagusitik kanpo ez dakigu ondo nola den) da denda ttipirik ez dela, ezta artisau tailerrik ala karrika merkaturik. Dena erosten da super-hiper-mega merkatuetan... Eta kafe eta jantegi gehienak ere marka gutti batzuenak dira, japoniarrak ala kanpotarrak, baina denak «entseinak». Horrez gain, iritsi garenetik daramagun erritmoak -egunero jo dugu- ez digu aukera ala denborarik utzi turismo kultural ala natural pixka bat egiteko. Beraz, bai, gogotsu gara Okinawako hondartzak ikusteko, baita Okinawaren herri eta hiriak ere. Iduriz, Vietnameko gerla denboran amerikarren basea zen, eta uhartea utzi zutenetik, gauza anitz, arkitekturan adibidez, berdin-berdin egon dira. Kontatuko dizuegu. Irakurri dugu leku paregabekoa dela snorkeling-a egiteko ere... Beraz, aukera badugu, ez dugu utziko pasatzen.

Aitortu behar dut pertsonalki ere, aste bat baino gehiago baldin badaramagu ere etxetik kanpo, ez dudala oraindik lortu zinez errealitate berrian murgiltzea... Joan aitzineko azken aste eta hilabeteak biziki intentsuak izan ziren emozionalki, taldeari dagokionez, baita pertsonalki ere, eta zaila zait etxean garai hauetan bizi izandako guzi hori uztea “eskapatzen”. Horrelakoa da bizitza biran, jadanik ohartu nintzen hortaz aurreko biretan, Japonian, Europan bezala. Estatu morala errazki aldatzen da, eta jakin behar da onartzen fase batzuk ez direla hain goxoak, eta biziki eskertuak bagara bizitzen dugunagatik ere, deretxoa dugula noizbehinka tristezia ala beldur puntu bat sentitzea. Bizitzan ere, orokorrean, horrela dela erranen didazue... eta ados naiz.

Hala ere, beharrik, sekulako giro eta harremana onak ditugu Drummond familian, baita Shogo, Txako eta Caribbean Dandyko “lehengusu”ekin, eta hori da garrantzitsuena, dudarik gabe. Ziur naiz Okinawako hondar eta urek lagunduko nautela naizen momentuan eta lekuan zentratzen, eta hainbeste maite dudan jende horretaz gozatzen.
Okinawa, bagatoz!

2020-02-20 gauerdia. Okinawa

Aupa, lagunak! Hegazkinetik atera, eta bihar joko dugun auzora hurbildu gara. 614 gelan joko dugu. Bertako nagusia gure bila etorri da aireportura, ordu bat berantago denak elkarrekin afaldu gara...Eta hori bai afaria! Hortik atera, eta 614 aretora “igo” gara. Bai, Japonian areto asko lehen, bigarren, hirugarren edo seigarren pisuan dira! Cumbia doinuak eta Suntory on the rocks baporeek gaualdia luzatuko dutela diote… Kalean, 22 gradu, giro lasaia. Bihar, kontzertua!

2020-02-22 11:54
Bye bye, Koza.
Koza da Okinawa Cityren izen zaharra. Eta egun hauetan ginen auzoak izen hori mantentzen du, baita aldarrikatzen ere, gure kalean agertzen den pintadaren bidez adibidez.

Hiri osoak, auzoak bereziki, beste garai batekoa ematen du, benetan. Eta lekua ere zehatzezina  da. Okinawan egotea da garai eta leku ezberdinetan bidaiatzea. Burutik pasatzen zaizkit «cliché» anitz, baina aitortu behar dut ostegunean jan dugun lehen tokian sentsazioa zela kung fu pelikula batean ginela, eta edozein momentuan agertzen ahal zela Jean Claude Van Damme nonbaitetik... kar-kar... Gero, 60ko hamarkadan  blokeatutako arkitekturak, baita gure guest house-eko apainketak ere, errazki uzten du imajinatzen Vietnameko gerlaren garaiari buruzko film batean garela, batez ere atzo bezala, asteburuaren hastapenarekin, "mamu hiria" piztu zenean, karrika guzietan pizten dira argi seinaleak, Orion (bertako garagardoa) markako paperezko argi borobilak, diskotekak, jazz klubak, antzerkiak, kontzertu aretoak, denak "vintage" estilokoak... Jendea bada karrikan, batez ere etorbide nagusietan.

Nazionalitate ezberdinak iduriz, hizkuntza ezberdinak entzuten dira, eta auzoa soinuz betetzen da. Gurutzatzen den jendeen artean, anitz ingelesez mintzo, eta  muskulazio esageratu batekin. Ez diegu galdegin, baina aitortu behar dugu iruditzen zaigula militar amerikarrak direla. Uhartea bera Japoniak berreskuratu bazuen ere, base militar asko dituzte Estatu Batuek hemen, "US Army Japan" izenpean. Momentukotz ikusi duguna ez da irudikatu genuen uharte paradisiakoa...

Erran dezagun, aipatutako pelikula giroez gain, 60ko hamarkada giro horrek Kuba ukitu bat ere ematen diola, eta instalazio elektrikoek adibidez heren munduko herri batean gaudela pentsarazi ahal ligukete. Azkenik, gauean airean zabaltzen den erreki usainak beti murgiltzen nau ene Hego eta Ertameriketako oroitzapenetan...

Benetan, Okinawan egotea da garai eta leku ezberdinetan bidaiatzea kolpe bakar batez. Eta biziki zaila da jakitea zein heinetan hiria benetan gelditu den garai batean ala zein heinetan irudi honekin jolasten den. Zaila da jakitea garai baten bukaeran gauden ala gentrifikazio fenomeno baten hastapen-hastapenean. Seguru aski biak izanen dira...

Nahara goaz orain, han dugulako Japonian emanen dugun azken kontzertua. Atzo 614an egin nuen prestazioarekin ez nintzen batere kontent; beraz gogoa dut kontzertu ona emateko eta energia txar hori ene gibelean uztea. Berriz ere, gure eta beste taldeen kontzertuak aipatzea ez da beti erraza, eta batez ere ezinezkoa zaigu irudiak egitea guk geuk. Baina Japonicus-eko facebookean normalki talde bakoitzeko kanta bat ezartzen da beti. Ez duda...

2020-02-25   10:55
Bye bye, Okinawa. Hegazkina aireratzear da.

2020-02-26  06:47 Japan/8:47 Australia. Hegazkina.

Ez dira goizeko 9ak oraindik, eta kapitainak 23 graduko tenperatura iragarri digu jadanik. Kafeak bere efektua egiten du, eta pixkanaka ene gorputza esnatzen da, hegazkineko mikrogizartea bezala. Okinawako asteburua kontatzekoa dugu oraindik, eta eginen dugu, merezi duelako, baina orokorrean, kontent ginen hala ere atzo, Japonia uztea, eta abentura berri bat hastea hemen.

2020-02-26 16:20

Clovelly beach (Sydney. AUSTRALIA)

Harritzen naiz aldi oro karnet hori berriz hartzean, ohartzean noiz idatzi nuen azken aldikoz. Iruditzen zitzaidan aspaldian izan zela... atzo goizean zelarik.

Aitortu behar dugu denborarik ez dugula galtzen, eta, momentuan ez banaiz ohartzen ere -edo ez sakonki gozatzen beharbada?- bilana egitean ohartzen naiz bizitzen ari garenaz...

Atzo iritsi ginen, beraz, Sydneyra eta dena errazki pasatu da... “Easy”, hemen erraten den bezala anitzetan... Eta iduriz, horrela bizitzen da ere.



Gure beldur bakarra zen seguritate kontrolak eta aduanak pasatzea, musika materialarekin, bidaia profesionalean bezala kontsideratzen ahal gaituztelako, gu, turista bezala deklaratu garenean... Baina ez da arazorik izan, ez eta galderarik ere, eta gitarrak eta pedalak errekuperatu eta berehala, atera gara aireportutik. Lehen kafea Australian, lehen kontaktu erraza zerbitzariarekin, lehen terraza, lehen 25 graduko tenperatura... Easy.

Orain arte erabiltzearen kontra nintzen aplikazioa deskargatu, eta uber madarikatu bat manatu... Hemen taxiak bezala kontsideratuak dira eta haien errekuperazio parking ofiziala ere badute. 5 minutuan hor zegoen, eta 25 minutuan bi egunez gure etxea izanen den Gure Txoko euskal etxera iritsiak ginen, maleta eta material guziarekin. Easy.

Bertako bizilagunak ezagutu, dutxatu, eta eguna genuen oraindik gure aurrean... Beraz, hondartzara! Biran izatea ez da oporretan izatea, egia erran, baina behingoz denbora pixka bat genuela, turismo pixka bat egin dugu: Bondi famatua, ocean walk ttiki (eta city walk luze!) bat, Felixek eta biok -Xanek etxera bueltatu behar zuen- eta hirurak elkartu gara Opera House ikustera joateko, parke liluragarria zeharkatuz. Arbola eta txoriek ongietorria egiten digute. Erran bezala, ez gara beharrez hirizaleak, baina aitortu behar dugu hirurok haluzinatu dugula lekuaren edertasunarekin... Momentuak ere badu bere ardura: zeruaren xoko bat sutan da, argi zinez berezia eskainiz, ekaitzaren aurreko barealdia ematen du... Momentu magikoaz gozatzen dugu ahal bezainbat, gure azken misioa bete aitzin.

Bihar joko dugu Frankie's pizza aretoan, auzo horretan da; beraz, bagoaz haien pizzak eta IPA dastatzera, baita Jordan programatzailea ezagutzera ere. Sydney hirian orokorki eta bereziki areto horretan, Netflixeko serie batean sentitzen naiz beti. Beste garai batean San Frantziskon ezagutu nuen “deja vu” efektu hori, bai lekuen aldetik bai jendeen aldetik: hainbeste ikusi eta entzun ditugu pantailen bitartez, iruditzen zaigu ezagutzen ditugula. Biharamuneko hitzordua finkatu, eta etxera... Hegazkinean pasatutako gauak bere ondorioak ditu, eta bi garagardo aski dira nekadura sentiarazteko. Gure txokora goaz, argizko hiria oinez zeharkatuz...

Goiz honetan, Xan medikua ikustera joan da, azken egun hauetan zituen arazo ttipi (baina kezkagarriak, identifikatu arte) batzuengatik. Bere zauria sendatzeko hartu zuen botika bati alergia, iduriz... Deus goxo, baina deus aski larri biraren segida zalantzan ezartzeko. Beraz, gau honetan ofizialki hasiko da Australia Tour hori, eta oso gogotsu gaude...

Leku ona da, eta kontzertuak daude egunero, bertako publiko batekin. Sydneyko euskaldunak etortzekoak dira ere iduriz, eta hartu dugu denbora pixka bat entsegua egiteko goiz honetan, gainera... Delujo!...

Beraz, idortzeko denbora hartu eta gero (oraintxe snorkeling saio ttipi bat egin dugu Felixekin!), pixkanaka etxeratuko gara, Frankie's Pizza-ra itzuli aitzin. Ea serie horren hurrengo episodioa ona den!