Musika
Aste honetan
Musika Hamabostaldiko xehetasun guztiak, EITB Kultura 60 saioan
Erredakzioa
Jaialdi eredua aztertzeaz gain, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 72. edizio honetako proposamenak ekarriko dizkigu aste honetako programak.
Ate joka dugu Donostiako Musika Hamabostaldia. Aste honetan, EITB Kultura 60 saioak jaialdia gertu-gertutik aztertuko du, eta edizio honetako xehetasun guztiak ekarriko dizkigu.
77 kontzertu eta 42 agertoki izango dira Donostiako Musika Hamabostaldiaren 72. edizioko egitarauan. Paavo Järvi, Jukka-Pekka Saraste eta Ivan Fischer zuzendari beteranoak izango ditugu aurten Gipuzkoako hiriburuan, eta Rotterdam, Frankfurt eta Budapest hirietako orkestren emanaldiak entzuteko aukera egongo da.
Musika klasikoa jorratzen duen Donostiako jaialdia abuztuaren 7an hasiko da, eta, 31ra arte, Hungariako musika ekarriko du geurera. Franz Liszt eta Béla Bartók musikariei omenaldia egin eta bederatzi estreinaldi hartuko ditu, gehienak musika garaikidea jorratzen duen zikloan eta organo zikloan.
Rossiniren lan ezaguna abuztuaren 8an eta 10ean izango da ikusgai, Kursaalen. Jarraian, hainbat musika hitzordu izango dira bertan: Rotterdameko Orkestra Filarmonikoaren emanaldia, Radio Fráncfort taldearen zuzenekoa, The Age of Enlightenment bandak Easo abesbatzarekin eskainiko duen kontzertua, Radio Cololia-WDR Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoiaren ikuskizuna, eta Budapesteko Jaialdiko Orkestraren emanaldia, besteak beste. Ezin ahaztu Genevako Balletak taularatuko duen Romeo eta Julieta ikuskizuna.
Abuztuaren 5ean Jazzaldiarekin egingo du bat Musika Hamabostaldiak. Victoria Eugeniako Club aretoan emanaldi berezia eskainiko dute bi piano-jotzailek (klasikoa bata eta jazz mundukoa, bestea).
Gainera, ''Hamabostaldi ibiltaria'' ekimenak mugak gainditu eta Gasteizera egingo du bidaia lehen aldiz, Jesus Guridi konpositoreari omenaldia egiteko bere heriotzaren 50. urteurrenean.
Goi mailako gonbidatuak izango ditu aste honetako saioak: Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendaria, Euskadi Irratian musika klasikoari eskainitako saioan urtetan aritu den Pello Zabala aditua eta Xabier Lizaso piano-jotzailea.