Itxi

Musika

Iragarpenak

Silvia Perez Cruz, Chano Dominguez eta Joachim Kühn, Donostiako Jazzaldian

eitb.eus

Aurreikusita zegoen bezala, uztailaren 22tik 26ra izango da musika jaialdia, eta ekitaldi guztietan zenbatutako eserlekuak jarriko dituzte.

  • Donostiako Jazzaldia, 2018an. Argazkia: Efe

    Donostiako Jazzaldia, 2018an. Argazkia: Efe

Donostiako Jazzaldia “egoera berrira egokitutako edizio baterako prestatzen ari da, aurreikusitako data berberetan, 2020ko uztailaren 22tik 26ra bitartean”. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, batik bat Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko jazza ari da programatzen, nahiz eta “adi” dagoen, “Europatik musikariak ekarri ahal izateko, baldin eta uztailean etortzerik izango balute”.

Aurtengo Donostiako Jazzaldiaren agertokiak hauek izango dira: Trinitate Plaza, Kursaal Auditorioa, Victoria Eugenia Antzokia eta San Telmo Museoa (eserlekuak zenbatuta egongo dira denetan).

Behin betiko programazioaren iragarpena eta sarreren salmenta ekainaren azken aldera edo uztailaren lehen egunetan jakinaraziko diren arren, hainbat izen aurreratu dituzte jada, batzuk aurreko programaziotik gordeak, eta besteak, berriak.

Gordetakoen artean daude Marco Mezquida piano-jotzailea eta Oreka TXren ikuskizun berria.

Nobedadeen artean, berriz, Iñaki Salvador, “Jazzaldian joaldi gehien eskaini duen musikaria eta euskal jazzaren ikur eta bandera”; Jorge Pardo saxofonista eta txirulari ospetsua; Chano Dominguez piano-jotzailea; Perico Sambeat saxo altua, Frank Zapparen tributu instrumental batekin joango dena; Javier Colina, kontrabaxu-jotzailea; eta Josemi Carmona eta Chicuelo gitarrista flamenkoak, besteak beste.

Antolatzaileek azpimarra handia jarri nahi izan dute beste artista batzuetan ere: Silvia Perez Cruz eta Joachim Kühn artistak mundu mailako sona dute, eta Donostian izango dira uztailean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.