Itxi

Musika

BILBAO BBK LIVE UDA

Bilbao BBK Livek zuzeneko 6 kontzertu prestatu ditu Kobetamenditik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

El Columpio Asesino, John Talabot, Dora, Amorante, Yawners eta Kaltzaren kontzertuak izango dira ikusgai. Emankizunak online emititzeaz gain, aurreko urteetako ikuskizunak ere emitituko dira.

1:34
Bilbao BBK Live jaialdiaren aurreko edizio bat.

Bilbao BBK Live UDA jaialdiaren edizio bereziak ostegun honetatik larunbatera arte hiru gauez zuzeneko musika eskainiko du streaming bitartez. Kontzertuak Kobetamenditik izango dira, eta bertan parte hartuko dute El Columpio Asesino, John Talabot, Dora, Amorante, Yawners eta Katza artistek. Artista horiek amaitu ostean, hainbat djren emanaldiak ere eskainiko dira, eta baita, Pantomima Fullek girotuta, aurreko edizioetako ikuskizunak ere.

Jakinarazpen batean, Last Tourrek, jaialdiaren sustatzaileak, emankizunak gaueko 21:00ak aldera hasiko direla, eta web orrialde ofizialaren bitartez, zein YouTubeko kanalaren bitartez jarraitzeko aukera izango da. Hiru jardunaldietako plater nagusia Kobetamendira igoko diren artisten kontzertuak eta haien osteko dj sesioak izango dira.

Emankizunez gain, jaialdiak “Bilbao BBK Live jaialdiaren 14 edizioetan izan diren kontzertu istorikoak, eta orain arte emititu ez direnak” programatu ditu.

Aldi berean, sustatzaileak 2021eko ediziorako sarrerak salgai daudela gogorarazi du. Oraingoz, kartel nagusian The Killers, Pet Shop Boys, Bad Bunny, Bicep Live, Bomba Estéreo, Caribou, FKA twigs, Fontains D.C., Meute, Supergrass, El Columpio Asesino eta León Benaventeren kontzertuak baieztatu dira, eta “laster artista gehiago argituko dira”.

Ongintzarako eskumuturrekoak

Bilbao BBK Live esperientzia guztiz osatzeko eta izaera bizirik mantentzeko, jaialdiak hainbat koloretako eskumuturrekoak jarri ditu salgai. Kolore bakoitzak “jarraitzaileen eta Bilbao BBK Livearen arteko harremana ondoen islatzen duten hura gogorarazi nahi dute: laguntasuna, maitasuna, esperantza, jakinduria, desira, zoriontasuna eta lasaitasuna”.

Jasotako diru guztia banatu egingo da: %50a eszenatokiaren muntaiaz arduratzen direnentzat eta jaialdiaren antolaketa logistikoan lan egiten dutenentzat izango da, eta gainerako %50a Bizkaiko Janari Bankura bideratuko da. Eskumuturrekoak ere web orrialdearen bidez eros daitezke.