Itxi

Musika

Jazza

Jazzaren nazioarteko izenak, Gasteiz eta Donostiara bueltan

N. V. | EITB Media

Arabako hiriburuan, agertoki berria estreinatuko dute, Iradier Arena; donostiar jaialdiak 60 kontzertu eskainiko ditu zortzi agertokitan, guztietan ere, kalean zein itxita egon, erretzea debekatuta.

  • Arlo Parks

    Arlo Parks britainiar musikariak "Collapsed in sunbeams" zoragarria aurkeztuko du Donostian

Iaz pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu eta eskaintza murritzarekin aurrera egin eta gero, aurten biziberrituta ageri dira Gasteizko (uztailak 14-18) eta Donostiako (uztailak 21-25) jazz jaialdiak.

Gasteizko Jazzaldiak 44. edizioa berreskuratuko du, iaz bertan behera gelditu eta gero. Kontzertu zikloa uztailaren 14tik 18ra egingo dute, eta agertoki berria izango da: Iradier Arenak hartuko ditu goizeko eta iluntzeko kontzertuak. Gainera, Principal antzokia izango da arratsaldeko ohiko kontzertuen agertokia.   

Uztailaren 14an, Itamar Borochov israeldar tronpetistak joko du, Atlantic Bridge Alberto Conde galiziar pianista, Kin García eta Miguel Cabana ohiko laguntzaileak eta Jorge Pardoren saxoa batzen dituen taldea, oraingoan gonbidatu berezi batekin: Rosario Giuliani italiar saxo tenorra.

Biharamunean, uztailaren 15ean, ostegunarekin, Al Toque Pablo Martín Caminero gasteiztarrak gidatzen duen hirukoteak eta Thumbscrew estatubatuar taldeak joko dute. Kathrine Windfield danimarkar pianista buru duen boskoteak hartuko du agertokia uztailaren 16an, Moises P Sanchez madrildarrak burutuko duen gau batean.

Iluntzeetako kontzertuak Anne Paceo eta Antonio Sanchez bateria-jotzaile handiek itxiko dituzte uztailaren 17an.

Jaialdiak, halaber, "jazz musikariek proposamen berritzaile eta freskoenak" eskainiko ditu arratsaldero, 17:45etik aurrera, Principal antzokian, hala nola CMS Javier Colina kontrabaxu-jotzailearen hirukotea.

Donostia

Donostiako 56. Jazzaldiak 60 doako eta ordainpeko kontzertu eskainiko ditu uztailaren 21etik 25era, hiriko zortzi agertokitan, eta kerik gabeko guneak izango dira, gainera, horiek guztiak, estalpean zein kalean egin.

Ordainpeko emanaldiak San Telmoko klaustroan 11:00etatik aurrera (Marco Mezquida, Iñaki Salvador…), Victoria Eugenian 12:30ean (La Locomotora Negra, Chano Dominguez…), Kursaalen arratsaldeetan (Arlo Parks, Buika, Jorge Pardo eta Niño Josele, Silvia Perez Cruz…) eta Trinitate plazan 21:00etan (Cécile McLorinSalvant, Kenny Barron, Noa, Brad Mehldau, Bill Frisell...) izango dira.

Aurten, berritasun modura, Jazzaldiak bi kontzertu eskainiko ditu Chillida Lekun 19:00etan: uztailaren 18an, jaialdiaren atariko gisa, Cécile McLorin Salvant kantaria arituko da, eta larunbatean, uztailak 24, Ceramic Dog Marc Ribot gitarrista buru duen hirukotea, Hope diskoa aurkezten.

Donostiako Jazzaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Gasteizkoak ekainaren 15etik aurrera erosi ahalko dira.