Itxi

Musika

2021/2022 denboraldia

Brahmsekin irekiko du denboraldia Euskadiko Orkestrak, baikor

N. V. | EITB Media

Normaltasunerako itzulera "patxadaz" hartuko du orkestrak, 2021-22 denboraldiaren aurkezpenean azaldu duenez, eta lehen bi programak 600 pertsonako saioetarako prestatu dute.

1:19
Robert Treviño, Euskadiko Orkestra zuzentzen

Azkenaldiko denboraldirik zailena atzean utzita (131 kontzertu eskaini ditu Euskadiko Orkestrak, aforo murritzen ondorioz), "baikortasunaz eta programazio onaz" hitz egiteko gogoz aurkeztu du Euskadiko Orkestrak 2021/2022 denboraldia gaur goizean, Donostian.

Abonu Denboraldia irailaren 27an hasiko da, Iruñean, eta 2022ko ekainaren 8an amaituko da, Bilbon. Lehenengo bi programetan (Brahms Fest eta Tchaikovsky), saio bikoitzak egiten jarraituko dute, amaitu berri den denboraldian bezala. Hirugarren programatik aurrera, edukierari dagokionez normaltasun handiagoa lortzea aurreikusten dute.

Obra baikorrak joko ditu Orkestrak, hala nola Brahmsenak berarenak (Konpositore alemaniarraren sinfonia guztiak, Biolin eta biolontxelorako kontzertua eta Pianorako 1. eta 2. Kontzertuak, Robert Treviño zuzendaria buru), Beethoven 7. sinfonia eta Berliozen Sinfonia Fantastikoa, eta publiko orokorrarentzat hain ezagunak ez diren obrak ere aurkeztuko ditu, Zhou amerikarraren eta Dutilleux frantziarrarenak berbarako.

Gainera, euskal sortzaileei helduz, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuari lotutako lanak ere estreinatuko dituzte (Joël Mérah eta Teresa Catalan), baita pandemiari lotutakoak ere (Pascal Gaigne).

Abonu denboraldiko kontzertuez haraindi, hainbat proiektu diskografikotan parte hartu orkestrak: oso ezagunak ez diren amerikar konpositoreen bilduma Ondine finlandiar diskoetxearentzat, Kalakan taldearekiko kolaborazioa, Garikoitz Mendizabal txistulariarekiko beste bat, Maixabel filmaren soinu banda Alberto Iglesiasen aginduetara.

Edukieraren aurrean dauden zalantzen ondorioz, Euskadiko Orkestrak ez du oraindik abonamendu berririk jarriko salgai, baina erreserbak onartu eta itxaron zerrenda sortuko dute. Kontzertuetarako sarrera solteak kontzertu bakoitza hurbiltzen den heinean jarriko dituzte salgai. Abonamenduen eta sarreren iazko prezioei eutsiko diete.