Itxi

Musika

Abuztuak 1-27

Musika Hamabostaldia, normaltasunaren bila

N. V. | EITB Media

Musika jaialdiaren 82. edizioak nazioarteko izenak berreskuratuko ditu, hala nola Grigori Sokolov, Yuja Wang, Mitsuko Uchida eta Anne-Sophie Mutter.

  • Musika Hamabostaldiaren kartela, Ibon Aranberri artistaren lana

    Musika Hamabostaldiaren kartela, Ibon Aranberri artistaren lana

Donostiako 82. Musika Hamabostaldiak aforoak murriztuko ditu berriz ere pandemiaren ondorioz, baina ez 2020 edizioan bezainbeste. Aurten programazioan, 75 kontzertu eta nazioarteko orkestra eta bakarlarien itzulera aurreikusi dituzte.

Abuztuaren 1etik 27ra, ohiko ziklo eta agertokiak berreskuratuko ditu jaialdiak, eta jarduera sinfoniko-korala itzuliko da, bere ezaugarri nagusietakoa, joan den urteko "murrizketa handiaren" ondoren.

Jaialdia Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak irekiko du abuztuaren 1 eta 2an, eta Budapesteko Festival Orchestrak itxiko du hilaren 27an.

Bataren eta bestearen artean, hamaika bakarlarik zapalduko dituzte Hamabostaldiko agertokiak: Grigori Sokolov, Yuja Wang, Mitsuko Uchida, Elisabeth Leonskaia, Stephen Hough, Dejan Lazic…

Hamabostaldian arituko dira, halaber, Euskal Herriko Gazte Orkestra (abuztuak 8) eta Euskadiko Orkestra, Victor Pablo Perezek zuzenduta, abuztuaren 21ean. Azken horrek, gainera, Donostiako Orfeoia izango du lagun.

Dantzari dagokionez, Lucia Lacarra eta Iratxe Ansa izango dira protagonistak, Neri(h)ari, Kanpai eta Matxalen Bilbao konpainiekin batera.