Itxi

Musika

Donostia

Jazzaldiak Chucho Valdes eta La Locomotora Negra sarituko ditu

N. V. | EITB Media

Arlo Parksek eta Mulatu Astatkek ezingo dute jaialdian jo Erresuma Batutik ateratzeko dauden murrizpenen ondorioz, eta Jose James eta Chucho Valdes izango dira beraien ordez.

  • Chucho Valdesek Donostiako Jazzaldia saria jasoko du

    Chucho Valdesek Donostiako Jazzaldia saria jasoko du

Chucho Valdés artista eta La Locomotora Negra kataluniar taldea sarituko ditu Donostiako Jazzaldiak uztailaren 21etik 25era egingo duten 56. edizioan. 60 emanaldi izango dira Gipuzkoako hiriburuko zortzi agertokitan.  

Miguel Martin jaialdiaren zuzendariaren arabera, inoiz baino azkarrago saltzen ari dira sarrerak, eta Trinitate plazako, Kursaaleko eta San Telmoko bonuan zein kontzertu askotarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.

Iaz bezala, aforoak murriztuta egongo dira, baina Kursaaleko terrazetako doako kontzertuen edukiera iazkoaren halako bost izango da.

Donostiako Jazzaldia sariak

Martinek aldarrikatu du Chucho Valdes "musikari errespetatu, miretsi eta ezagunenetakoa" dela, eta horregatik jasoko du Donostiako Jazzaldia saria, 2003an haren aitak egin zuen bezala.

La Locomotora Negra taldeari buruz, "Kataluniako eta Espainiako talde beteranoenetako bat" dela adierazi du.  

Azkenean Arlo Parks eta Mulatu Astatke ez direla jaialdian egongo ere iragarri du Martin zuzendariak, eta Erresuma Batuak bertatik ateratzeko jartzen dituen murrizketei egotzi die hori. Jose Jamesek eta Chucho Valdesek ordezkatuko dituzte, eta lehengo sarrerek balioko dute. Sarrerak itzuli nahi dituztenek erosi zituzten bide beretik jasoko dute dirua bueltan, kontzertuaren bezperara arteko epean.