Musika
47. edizioa
Neneh Cherry & The Thing eta Jimmy Cobb, Heineken Jazzaldian
Donostian egingo dute, uztailaren 19tik 23ra bitartean. Donostiako Jazzaldia saria Jimmy Cobbi, jazzaren historiako bateria-jotzaile handienetakoari, emango diote.
-
Neneh Cherry & The Thing. Argazkia: HEINEKEN JAZZALDIA
Ordainpeko kontzertuen artean, Neneh Cherry & The Thing eta Jimmy Cobb izango dira ikusgai, besteak beste, Donostiako Heineken Jazzaldian, uztailaren 19tik 23ra. Aurten, Donostiako Jazzaldia saria Jimmy Cobbi emango diote. Cobb jazzaren historiako bateria-jotzaile handienetakoa da eta uztailaren 20an izango da Victoria Eugenia antzokian, 18:30ean.
Jimmy Cobb bateriaren mito bizia da, jazz garaikidean. Kind of Blue Miles Davisen diskoan parte hartu izana dago, esterako, bere ibilbideko une garrantzitsuenen artean; bera da, hain zuzen, saio historiko hartako musikarien artean bizirik dirauen bakarra.
2011n CDa argitaratu duten bertoko jazz taldeek 47. Heineken Jazzaldian jotzeko aukera izango dute. Antolakuntza Batzordeak bost talde hautatuko ditu, aurkezten dituzten diskoen kalitatearen eta interesaren arabera, eta Jazzaldiko programazioan sartuko ditu.
Jazzaldian, hiru kontzertu eskainiko dituzte San Telmo museoko elizan. Kontzertuek hainbat berezitasun izango dituzte: euskal musikarien eta atzerrikoen arteko elkarlanak izango dira; esparruaren akustika berezia baliatuko dute; eta, azkenik, jaialdirako bakarrik sortu diren proiektu esperimentalak izango dira. Hyperpotamus eta Aymeric Hainaux, Oreka TX eta Håkon Kornstad, eta Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio izango dira San Telmoko gauak ekimenaren kontzertuetako protagonistak.
Hilaren 21ean Hyperpotamusen eta Aymeric Hainaux abeslari frantsesaren emanaldia izango da, 22an Oreka TXen eta Håkon Kornstad saxofoi-jotzaile norvegiarrarena, eta 23an Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio harmonika-jotzaile frantsesaren txanda izango da.
47. Heineken Jazzaldirako sarrerak martxoaren 21eko 11:30etik aurrera egongo dira salgai, heinekenjazzaldia.com eta kutxa.net weguneetan, Telekutxan eta Victoria Eugenia antzokiko leihatilan.