Itxi

Musika

Uztailak 1, 2 eta 3

Sepultura, Pasadena eta Lumi gehitu ditu EHZk kartelera

N. V. | EITB Media

Uztailaren 1, 2 eta 3an egingo dute jaialdia, Irisarrin. Kartela itxita dago honenbestez, eta sarrerak (ostirala eta larunbata 21,5 euro, eta igandea 16,5) eta bonuak (51,5 euro) webgunearen bidez eros daitezke.

  • Sepultura brasildar laukotea

    Sepultura brasildar laukotea

Hilabete falta da EHZ, Euskal Herria Zuzenean, jaialdia hasteko, eta antolatzaileek kartela itxi dutela iragarri dute. Egitaraua biribiltzeko, Sepultura brasildar metal taldearen parte-hartzearen berri eman dute gaur. "Quadra" 2020ko disko azpimarragarria aurkeztuko du Euskal Herri mailan laukoteak, "Arise", "Roots" eta "Chaos A. D." diskoen sortzaileek.

Gainera, Atoem, Sofa, Pasadena, Joseba Irazoki eta Lagunak, Lumi, Ah ! Kwantou, Xutik eta Fusible taldeek ere joko dute EHZn, eta horrela geldituko da, horrenbestez, musika programazioa:

OSTIRALEAN: Lumi, Amorante, Delirium Tremens, Fizt & Furiuz, Sepultura, Eesah Yasuke, Atoem.

LARUNBATEAN: Kilimak, Frigo, Madelyn Ann, Pasadena, Ødei, Ezpalak, Bulego, Vulk, Merina Gris, Calling Marian

IGANDEAN: Gailu, Josepa Tapia, Ibil Bedi, Frikun, Sofa, Ah ! Kwantou, Joseba Irazoki eta Lagunak, Xutik, Niko Etxart eta Hapa Hapa, Fusible

Aurten, gainera, kontzertuen artean DJak egongo dira pentzea girotzen: Juanita Ba­nana, Lee Scratch Pourri, DJ Txako, Øra eta Marko et Selectarak.

Halaber, Irisarriko plazan, hainbat ikuskizun egongo dira, doan. Larunbatean Erabil Kolektiboak euskara ikastaroa eskainiko du, eta bertso musikatuarekin segituko du egunak. Ondotik, Sarini Zirkoak bere akrobaziak eskainiko ditu, eta Haatik dantza taldea ere arituko da. Euskal Herriko hainbat rapero ere bilduko dira Kanalduderekin antolaturik. Gaitistaneko Orkestra txarangak eguna animatuko du.

Igandean, Le Petit Théâtre de Pain antzerki konpainiak Le grand bancal ikusgarria emango du, eta musika jarriko dute Zigante eta Gaiteroek, baita Rakatapunkek, Kinbonbo Brass Bandek eta DJ Reimyk ere. Hastapenetik dantza konpainiaren ikusgarria, Dune kolektiboaren Baltsa publique sorkuntza eta Luze edo Motz umoregileen emanaldia ere egongo da.

Haurrentzako egitaraua ere egongo da Haurren Xokoan: zirkua, jolasak, mitologiari buruzko tailerra, Pontx Pailazoa…

Solasaldi eta eztabaiden egitaraua prestatzen ari dira antolatzaileak oraindik, eta laster zehaztuko dute erabat. Gainera, jaialdirako bonua dutenek akanpalekuan igaro ahalko dute gaua, doan.

Sarrerak (ostirala eta larunbata 21,5 euro, eta igandea 16,5) eta bonuak (51,5 euro) webgunearen bidez eros daitezke.