Itxi

Musika

Gasteiz

Kortxeak & Krispetak jaialdiarekin itxiko du Oihaneder Euskararen Etxeak zortzi urteko ibilbidea

N. V. | EITB Media

Zortzi urteren ondoren, itxi egingo dute Oihaneder Euskararen Etxea, Gasteizen. Ostegunean, ekainak 30, Liher eta Lukiek taldeen kontzertua izango da Falerina lorategian.

  • Liher taldeak ostegunean joko du Gasteizen, Kortxeak & Krispetak zikloa ixteko

    Liher taldeak ostegunean joko du Gasteizen, Kortxeak & Krispetak zikloa ixteko

Kortxeak & Krispetak jaialdiaren edizio berria egingo dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, ekainaren 28tik 30era. Zortzigarren edizio honetan bi ikus-entzunezko eta kontzertu bat eskainiko dira, Oihaneder Euskararen Etxearen azken jarduerak.

Asteartean, ekainaren 28an, Danny Garciaren 'Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NYC' filma ikusteko aukera izango da, eta asteazkenean, hilaren 29an, berriz, Marokoko gazte rapzaleak izango dira protagonista, 'Casablanca Beats' dokumentalaren bitartez.

Bi filmok jatorrizko bertsioan emango dira, Ortuño aretoan 19:00etatik aurrera, euskarazko azpitituluekin.

Liher eta Lukiek

Kortxeak & Krispetak jaialdiaren hirugarren egunean, ostegunean, ekainaren 30ean, Liher eta Lukiek taldeek rock doinuak ekarriko dituzte Falerina lorategira 19:00etatik aurrera.

Modu honetan, Oihaneder Euskararen Etxea bere zortzi urteko jardunaren azken txanpara iritsi da, ostegunean itxiko baititu ateak. 2014an bere ibilbideari ekin zionetik 66.500 erabiltzaile gerturatu dira Oihanederren antolatu diren 900 bat jardueretara.