Itxi

Musika

Osteguna

Rancidek Azkena Rock Festival piztu du

N. V. | EITB Media

Kaliforniar taldearen punk rocka ozen entzun da Gasteizko jaialdiaren aurreneko jardunaldian, El Drogasek eta Monster Magnetek ederto lagunduta. 2024ko ARFk datak dauzka dagoeneko: ekainak 20, 21 eta 22.

  • Tim Armstrong (Rancid), Azkena Rock Festivalen. Argazkia: Oscar L Tejeda

    Tim Armstrong (Rancid), Azkena Rock Festivalen. Argazkia: Oscar L Tejeda

Azkena Rock Festivalek jaialdiaren hogeita batgarren edizioa abiatu du, Rancidek, El Drogasek eta Monster Magnetek rock jaialdi batean inoiz huts egiten ez duten apustuak direla argi utzi duten egunean.

Liherrek ireki du eguna, eta Os Mutantes brasildarrek hartu diete lekukoa.

Lide Hernando. Argazkia: Jordi Vidal.

Lide Hernando (Liher). Argazkia: Jordi Vidal.

Steve Earlek kontzertu akustikoa eman du jarraian, eta horri Barricada taldearen klasikoen zaparrada atergabeak jarraitu dio, Gasteizko zeru garbiaren azpian, El Drogasen eta bere taldearen eskutik: "Tan fácil", "No sé qué hacer contigo", "Bahía de Pasaia", "Rojo"…

Iluntzearekin bat, Rancid kaliforniar historikoen punk rock dantzagarriaren txanda iritisi da, baita Monster Magnet estatubatuarren harrizko rockarena ere.

6:30

Ostirala

Azkena Rock Festivalen erdiko eguna goiz samar hasiko da, 13:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan, The Fuzillis taldearen kontzertuarekin.

Geroago, Mendizabalan, 17:30etik aurrera, denetarik izango da eskaintzan: Pasadena gasteiztarrak, The Pretenders, Incubus, The Soundtrack of Our Lives, Calexico, The Undertones, Gwar…

Azkena Rock Festival 2024

Aurtengo edizioa hasi eta berehala, jaialdiaren antolatzaileek iragarri zuten datorren urteko Azkena Rock Festival 2024ko ekainaren 20, 21 eta 22an egingo dutela. Lehen abonuak jaialdiaren eremuan erosi ahal dira, 105 euroan.