Itxi

Musika

Uztailak 14

Kantu Bat Gara ikuskizunaren azken saioa eta Zea Maysen akustikoa, Haziberri jaialdian

N. V. | EITB Media

Hirugarrenez egingo dute Gernikako jaialdia, uztailaren 14an, Herrien Parkean. Jon Maiak azkenekoz taularatuko du bertan "Kantu Bat Gara" ikuskizuna.

  • Jon Maiak Kantu Bat Gara ikuskizunaren azken emanaldia eskainiko du Gernikako jaialdian

    Jon Maiak Kantu Bat Gara ikuskizunaren azken emanaldia eskainiko du Gernikako jaialdian

Pandemia betean hasitakoak jarraipena izango du, eta Haziberri Gernikako jaialdiak hirugarren edizioa izango du uda honetan, uztailaren 14an. Europako Herrien parkean egingo dute, eta "Kantu Bat Gara" Jon Maiaren ikuskizunaren azken kontzertua hartuko du jaialdiak, "gonbidatu bereziekin".

Gainera, Pitik eta Aiorak (Zea Mays) kontzertu akustikoa eskainiko dute, eta Eire taldea, Mogumbo Brass Band eta TPR DJa egongo dira entzungai eta ikusgai Atsedengunea eremuan.

18:00etan irekiko dituzte ateak, kontzertuak berrogei minutu geroago hasiko dira. Sarreren prezioa 25 eurokoa izango da, eta salgai daude haziberri.eus atarian.

Aurten, gainera, 2023ko urtea bukatu aurretik Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa dohainik bisitatzeko aukera ematen du kontzertuko sarrerak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria eginez gero egun bat atzeratuko da kontzertua, uztailaren 15era.