Musika
Azken orduak
Madeleine Peyrouxek eta Neneh Cherryk itxiko dute Donostiako Jazzaldia
Erredakzioa
Madeleine Peyroux Kursaalen izango da. Neneh Cherryk omenaldia egingo dio aitari, Trinitate plazan, eta Miles Smiles taldeak Miles Davis handia gogoratuko du.
-
Neneh Cherry & The Thing. Argazkia: Donostiako Jazzaldia.
Astelehen honetan itxiko dute Donostiako Jazzaldiaren 47. edizioa. Azken jardunaldian, Madeleine Peyroux izango da Kursaalen, eta Trinitate plazan, berriz, Neneh Cherry & The Thing eta Miles Smiles arituko dira.
Bere ahots berezia eta sentiberatasuna direla-eta, ''XXI. mendeko Billie Holiday'' gisa definitu dute askok Madeleine Peyroux. 1996an kaleratu zuen Dreamland estreinako lana, eta sekulako iraultza ekarri zuen emakumeek kantatutako jazzera, 200.000 ale baino gehiago salduta.
Careless Love, Half the Perfect World eta Bare Bones Standing on the Rooftop lanak kaleratu ditu ondoren, eta horiekin ere arrakasta handia lortu du, salmentan zein kritika mailan. BBCk Nazioarteko Artista Onena izendatu zuen 2007an, jazz sarietan.
Donostiako zuzenekoan, Shane Theriot (gitarra), Ted Baker (teklatuak), Barak Mori (baxua) eta Darren Beckett (bateria) izango ditu Madeleine Peyrouxek taula gainean lagun, 17:30ean.
20:00etatik aurrera, bestalde, Neneh Cherry & The Thing arituko dira Trinitate plazan. Hirukote suediar-norvegiarra da The Thing, eta jazz free doinuetan oinarritutako musika jorratzen dute. Doinu horien adierazle nagusietako bat izan zen 1995ean zendutako Don Cherry, eta, beraz, logikoa da Neneh Cherry haren alabarekin elkartu izana tronpeta-jotzaile handiari omenaldia egiteko.
Azkenik, Robben Ford (gitarra), Wallace Roney (tronpeta), Rick Margitza (saxoa), Joey DeFrancesco (Hammond organoa), Darryl Jones (baxua) eta Omar Hakim (bateria) ere izango dira Trinitate plazako agertokian, Miles Davis musikaria gogoratzeko.
UZTAILAREN 23A. PROGRAMAZIOA
KURSAAL
17:30 / 40 euro, 35 euro, 20eutro
Madeleine Peyroux
TRINITATE PLAZA
20:00 28 euro
Neneh Cherry & The Thing: Tribute to Don Cherry
Miles Smiles (Robben Ford, Rick Margitza, Wallace Roney, Joey DeFrancesco, Darryl Jones, Omar Hakim)
SAN TELMO MUSEOA / SKODA ESPAZIOA
23:30 12 euro
ELIZA
Gonzalo Tejada + Olivier Ker Ourio
KLAUSTROA
Nils Petter Molvaer
FRIGO ESPAZIOA: DOAKO SARRERA
19:00 Youn Sun Nah
21:30 Ximo Tebar & IVAM Jazz Ensemble (featuring Roque Martínez)
24:00 La Prima Janis
HEINEKEN TERRAZA: DOAKO SARRERA
19:00 Gabacho Connection
23:00 R.S. Factor
COCA-COLA ESPAZIOA: DOAKO SARRERA
19:00 Miguel Salvador Quartet
23:00 Ornetillos
NAUTICOOL
17:00 DJ Makala
18:30 DJ Arka
20:00 Bridges Trio + David Soler
21:30 DJ Makala
23:00 Jazz Triangle
24:30 DJ Arka
ALTXERRI
10 euro (edaria barne)
24:00 Groove Box