Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Balorazioa

Egun bat gutxiagorekin ere, jende gehiago

Oso pozik agertu dira Durangoko Azokako antolatzaileak. Guneak finkatu dira eta iazko bisitak gainditu dituzte, egun bat gutxiago izanda ere.

01:26
Durangoko Azoka, jendez gainezka

Gerediaga elkarteko kideak pozik agertu dira Durangoko Azokaren 47. edizioak izan duen harreraz, "bai jendeari dagokionean, baita salmentari dagokionean ere".

Iaz baino bisitari gehiago izan direla goraipatu du Aiert Goenaga Azokako zuzendariak, iaz baino egun bat gutxiago izan arren, eta erakustokietan pozik azaldu direla jakinarazi du. Lau egunetan, 106.000 sartu-irten izan direla jakinarazi dute.

Kirmen Uriberen lan berriarekin batera, Toti Martinez De Lezeren "Urak dakarrena" izan da salduenetarikoa bat. Diskoei dagokionean, Gatiburen disko berria izan da aurtengo produkturik arrakastatsuena.

Guneak finkatu direla esan dute antolatzaileek. Areto nagusiko antolatzaileak pozik agertu dira, une batzutan erantzun gutxi jaso duten arren. Ahotseneak balorazio ezinhobea egin du, jende asko hurbildu baita Landako ondoko gunera. Szenatokiak helburua bete duela azpimarratu dute: San Agustineko espazioa bete dute. Kabi@-ko antolatzaileek "balorazio oso positiboa" egin dute egindako jarduerei dagokionean, adibidez, euskal wikipediaren elikatze masiboarekin.

Saguganbara espazioari dagokionean, aurreikuspenak bete dituzte eta transmisioa (orain arte Haur Literatur Txokoa zen) oso ondo egin dutela jakinarazi dute. Plateruena beteta izan da gauera eta baita egunez ere eta AzokaTBk 1.500 bisita izan ditu egunero streaming bidez eta 120.000 etxetara heldu da tokian-tokiko telebisten bitartez.

Kultura gonbidatuak, kultura ijitoak, ekarpen oso positiboa egin duela jakinarazi dute, eta Kale Dor Kayiko elkarteko kideak ere gustura azaldu dira.

Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko kideak esan duenez, "Wert ministroaren mezu uniformizatzaile eta menpekoaren aurrean, aniztasunaren eta euskararen aldeko apustua" egiten du Durangoko Azokak.