kultura
Proposamena
EOSek eta Bilboko orkestrak bat egitea proposatu du Jose Luis Bilbaok
Euskadiko Orkestra Nazionala deituko litzateke balizko orkestra berri hori. Urdaibaiko Guggenheim museoa zabaltzeko proiektua berreskuratzea planteatu dio, gainera, ahaldun nagusiak lehendakariari.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Bilbokoak bat egitea proposatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Horrela, Euskadiko Orkestra Nazionala sortuko litzateke, proposamenak aurrera egingo balu.
Urkullu hainbat politikarirekin, erakundeetako kideekin eta agente sozialekin bildu da, eta, tartean, Arabako eta Gipuzkoako diputatu nagusiekin izan zen joan den astean. Bilbaok bi orkestrak "traumarik gabe" batzeko "proposamena" egin dio Urkulluri.
Beste gai askoren artean, kulturari buruz aritu dira, eta Bilboko Guggenheimen eta New Yorkekoaren arteko akordioa "mugarik gabe" berritzea eskatu du. Gainera, Urdaibain eraikin berri bat sortzearen proiektua berreskuratzea proposatu du. Foru Aldundiak bultzatutako ekimena izan zen, baina PSEk zuzentzen zuen Eusko Jaurlaritzak egitasmoa gelditu zuen, bi instituzio horiek baitira bazkide nagusiak, New Yorkeko Solomon Guggenheim fundazioarekin batera.
Urdaibaiko Guggenheim museoa "eskualderako, Bizkairako eta Euskadirako proiektu estrategikoa" dela adierazi dio lehendakariari, eta, horregatik, operazioa "berreskuratzeko" eskatu du, "erritmoak baliabide ekonomikoetara egokitu" behar direla aitortu duen arren. Bizkaiko diputatu nagusiak esan duenez, aurreko Jaurlaritzarekin "gatazka handiak" izan zituen kultura alorrean, eta "galdutako adostasunak berreskuratzea" eskatu du.