Itxi

kultura

Campaña

Eusko Jaurlaritzak ez du Kultura Bonurik aterako

Iaz horretarako erabili zituzten 600.000 euroak aurtengo aurrekontuetatik kendu dituzte, martxan izan den lau edizioetan arrakasta handia izan duen arren.

  • Bono Kultura

    Bono Kultura

Eusko Jaurlaritzak 2013ko aurrekontuetatik kanpo utzi du Kultura Bonua. 600.000 euro bideratu zituen iaz, liburuak, ikus-entzunezko produktuak eta kultur ikuskizunetarako sarrerak erosteko diru laguntza horretara. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak iaz baino aurrekontu handiagoa duen bakarretakoa da: 28 milioi eurotik 28,2 milioira igaro da. Halere, Kultura Bonurako dirua desagertu egin da, lau edizio arrakastatsuren ostean.

Aurreko Eusko Jaurlaritzak 40.000 Kultura Bonu jarri zituen iaz martxan Gabonetako kanpainarako, 2011n baino 4.000 gutxiago. Aurreko edizioan baino 60.000 euro gutxiago gastatu zituen horretan.

25 euro balio zituen 40.000 bonuetako bakoitzak, eta 40 euroko erosketak egiteko aukera ematen zuten. Salgai jarri eta 24 ordutan agortu ziren guztiak. Ekoizpen artistiko eta kulturalaren merkatua sustatzea zuten helburu, eta liburuak, musika, eta zinemarako, ikuskizunetarako eta museoetarako sarrerak eskuratzeko aukera ematen zuen. Ekimenak arrakasta handia izan zuen, eta martxan egon den lau urteetan ilara luzeak izan ziren bonua eskuratzeko. Iaz ezin izan zen gehiago atera, Jaurlaritzak azaldu zuenez, ez baitzegien dirurik bonu gehiago merkaturatzeko.