kultura
EHUren Uda Ikastaroak
‘Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak’ ikastaroa, ate-joka
Erredakzioa
‘Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: etorkizun hurbileko erronkak’ ikastaroa egingo dute, ekainaren 18an eta 19an, Donostian, EHUren Uda Ikastaroen barruan, Kike Amonarrizek zuzenduta.
-
Euskal Herriko Unibertsitatea
Urtero bezala, EHUk Uda Ikastaroak antolatu ditu aurten ere, prestakuntza ildo berriak zabalduz ikasle, profesional, irakasle eta gainerako parte-hartzaileek “bizitzen, elkarrekin bizitzen, aurrera egiten eta irakasten” ikas dezaten. Aurtengo egitarau oparoan, hizkuntzari ere begiratuko diote, eta, hain zuzen ere, ‘Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: etorkizun hurbileko erronkak’ ikastaroa antolatu dute.
Kike Amonarrizek zuzenduko du ikastaroa, eta euskalgintzak eta, hain zuzen, euskarazko komunikabideek ‘fase politiko-sozial berriari’ nola aurre egingo dioten argitzen saiatuko dira bertan. Azkenaldian euskararen mikrokosmosean (Tokikom eta Hekimen elkarteen sorrera, Topagunearen hausnarketa, EiTBren funtzioaren gaineko eztabaida...) eta, oro har, mundu zabalean (krisi ekonomikoa, teknologia berriak, globalizazioa) izandako aldaketek euskarazko komunikabideak zein egoeratan utzi dituzten ere aztertuko dute.
Azken finean, hedabideek euskara normaltzeko prozesuan zein helburu eta funtzio bete behar dituzten izango dute mintzagai, bi egunez, ekainaren 18an eta 19an Miramar jauregira bertaratzen direnek. Mikel Irizar, Aitor Zuberogoitia, Iban Arregi, Asier Larrinaga Larrazabal eta Kike Amonarriz hizlariek hartuko dute hitza.
68 eurokoa da 20 ordu akademikoko balioa duen ikastaroan izena emateko prezioa. Informazioa eskatzeko, helbide honetara idatzi ahal da: udaikastaroak@ehu.es