Itxi

kultura

Euskara

Euskaltzaindiak euskara ofizial egiteko eskatu dio Frantziari

Erredakzioa

Gutun baten bitartez, euskararen etorkizunaz bere kezka azaltzen du, eta hizkuntza aniztasuna bermatze aldera, "ondare historikoaren eta materiagabekoaren adierazpena da".

Euskaltzaindiak euskararen aldeko neurri zehatz eta eraginkorrak hartzeko eskatu dio Aurélie Filipetti Frantziako Kultura eta Komunikazioko Ministerioko buruari.

Ministroari igorri dion gutun baten bitartez, euskararen etorkizunaz bere kezka azaltzen du Akademiak, eta hizkuntza aniztasuna bermatze aldera, "ondare historikoaren eta materiagabekoaren adierazpena da, honen ezin preziatuzko balioa UNESCO erakundeak azpimarratu duen bezala", euskararen aldeko politika eraginkorra aldarrikatzen du.

Joan den martxoan, Frantziako Kultura ministroaren agindupean, hizkuntza gutxituen sustapenerako aholku batzordea sortu zen. Besteak beste, batzorde horrek Estatuaren baitan den hizkuntz aniztasuna indartzeko gomendioak ematea izango du xede. Parlamentari eta eskualdeetako hautetsiekin batera, unibertsitate arloko adituek eta legelariek osatuko dute batzordea. Frédéric Espagnac senatari eta Ipar Euskal Herriko PSko kidea batzordeko partaide izendatu dute.

Hala, bada, batzorde horren sorrerak eman dezakeen aukera baliatu nahi izan du Euskaltzaindiak bere ikuspuntua agertzeko.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xarles Videgain buruordeak sinatzen duten gutunean, euskarak Ipar Euskal Herrian duen egoeraz kezkatuta dagoela aitortzen du Akademiak: "Azken urteetan eraman diren inkesta guztiek, administrazio publikoan euskarak duen tokirik ezak, euskara ofizialtasunik gabe izateak, egoera kezkagarrian dagoela erakusten digute". Eta ofizialtasunaren garrantzia azpimarratzen du jarraian: "Beste gizarteko aktore askorekin, euskararen ofizialtasun estatusa Frantziak onartu behar duela pentsatzen dugu, euskararen garapenerako guztiz beharrezko baita, nahikoa ez izanik ere".