kultura
Magialdia
Gasteiz magiaren hiriburu bihurtuko dute igandera arte
Erredakzioa
Astebetez, hiriko txokoak magiaz betetzeko asmoarekin programazio oparoa antolatu dute. 30 artista, 70 ikuskizun eta jarduera eta 20 eszenatoki izango dira.
-
2012ko Magialdiako ikuskizun bat. Argazkia: EiTB
Gasteizko nazioarteko magia jaialdia, Magialdia, igandera arte egingo dute Gasteizen. Aurtengoa dagoeneko 25. edizioa da eta astebetez hiriko txokoak magiaz betetzeko asmoarekin programazio oparoa antolatu dute.
30 artista, 70 ikuskizun eta jarduera eta 20 eszenatoki. Hori da aurtengo Magialdiaren proposamena. Jaialdi honen bereizgarria da magia antzokiez haratago doala. Esaterako, tranbia noiz iritsiko zain gaudela, magia ikuskizunak izango ditugu Anguleman eta Legebiltzarrena. Hiriko erdialdeetako denden erakusleihoak ere antzoki bihurtuko dituzte, antzoki txiki. Aurtengo nobedadea da... magia, tabernetara hurbilduko dute. Izan ere, ospe handiko hainbat mago tabernetan ariko dira lanean, eszenatokirik gabe, argirik edota mikrofonorik gabe... soilik magiak pizten duen ilusioarekin jolasean.
25. urteurrenean, Magialdiak hainbat berrikuntza izango ditu aurten. Horien artean, irailaren 21ean, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten gaixoen senideen elkarte arabarrarekin ekitaldi berezia antolatuko dute.
Aurreko edizioetan, jaialdiak 20.000 ikusle inguru izan ditu. Urtero bezala, Magialdiaren ikuskizunak hiriaren erdiguneko erakusleihoetan, eskoletan, Txagorritxu ospitalean eta tranbiaren geltokietan eskainiko dituzte. Aurten, gainera, agertoki berria estreinatuko dute, Zabaltegiko Kioskoa. Asteburuan gauez egiten diren ekitaldiak hartuko ditu.
Principal Antzokian eta Europa Kongresu Jauregian ere ekitaldiak izango dira.
Horrez gain, "Off Festival" sailean, magoak tabernetan, kafetegietan eta jatetxeetan arituko dira.