Itxi

kultura

Elkarrizketa

Maialen Lujanbio: 'Makineria prest dago'

L.A.

eitb.com

Hernaniko bertsolaria 'Entrada Libre' saioko platoan izan da eta, abenduaren 15ean Barakaldon ospatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako bere burua nola prestatzen ari den kontatu digu.

  • Maialen Lujanbio

    Maialen Lujanbio

2009an emakume batek lehen aldiz txapela lortu zuen taulara igoko da berriro Maialen Lujanbio bertsolaria, abenduaren 15ean.

Maialen Lujanbio Vanesa Sanchezek aurkezten duen 'Entrada Libre' saioko platoan izan da ostiral honetan eta, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako makineria prest duela esan du. Finala fisikoki eta psikologikoki oso zorrotza dela esan du.

Txapela irabaztea ordura arte izandako ibilbidearen aintzatespena moduan hartu zuela esan du, baina "bidea atzetik dator eta aurrera jarraitu behar da", gaineratu du.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala abenduaren15ean ospatuko da BECen, Barakaldon, eta duela hilabete saldu ziren eskuragai zeuden 13.000 sarrerak. BECen abestea ikuskizun paregabea da, baina gure herrietako edozein plazatan abestearekin ezin dela alderatu onartu du, "plazak xarma berezia du, entzulearekin harreman estuagoa dago eta magia berezia sortzen da bertan".

Maialen Lujanbio orain 20 urte murgildu zen bertsolaritzan lehendabizi. Ikastolako bertso-eskolan izan zuen bertsolaritzarekin lehen harremana, bere belaunaldiko gainontzeko bertsolari gehienak bezala. "Bertsolaritzak egun duen boom edo arrakastaren arrazoi dira", azaldu du Vanesa Sanchezek egin dion elkarrizketan.

Lujanbiok esan duenez, inoiz ez zuen bertsolari izatea buruan eduki, eta, berez, "bertsolaria banaiz inoiz nahi izan ez dudalako da".

Finalera heltzeko Maialenek ez du uste norberak iratxo berezia izan behar duenik. Bertsolari batek, ordea, etengabe alertan egon, inguruarekin kritiko izan eta, grazia eta umorea landu behar duela azpimarratu du. "Makineria asko estutuko dut eta neure onena emango dut", gaineratu dut.

Maialen Lujanbiok txapelketako bertsolari guztien artean dagoen harreman onaz hitz egin du ere eta, euren arteko "harreman paradojikoa" dela esan du banakako lehiaketa den arren talde sentsazioa dutelako. Bertsolari  txapelketetan bertsolari onena izateko edo txapela eskuratzeko bakarrik ez, bertsolaritza zabaltzeko eta euskararen normalizazioa sustatzeko ere kantatzen dutela esan du Maialenek.

Zenbait kasutan, bertsolari mundua ezker abertzalearekin erlazionatu bada ere, "bertsolaritza anitza" dela dio Maialen Lujanbiok, ahots ezberdinak daudela, bakoitza bere ideologiarekin eta bere abesteko moduarekin...eta, horiek denek bertsolaritza osatzen dute.