kultura
Ipar Euskal herriko egunkaria
Le Journalen itxiera: 'Euskal Herriak bere egunkaria galdu du'
Erredakzioa
Halaxe dio Le Journal du Pays Basque Ipar Euskal Herriko egunkariaren azken zenbakiak. Gaur kaleratu dutena izango da azkena, zailtasun ekonomikoek itota, itxi egingo baitute egunkaria.
-
Le Journal du Pays Basqueren azken alea. Argazkia: Le Journal du Pays Basque
Euskal Herriko Kazetak, Le Journal du Pays Basquek, gaur kaleratu du azken zenbakia. Hamabi urteren ondoren, Iparraldeko egunkariak ezin izan die aurre egin zailtasun ekonomikoei, eta ixtea beste aterabiderik ez dute ikusi.
"Euskal Herriak bere egunkaria galdu du", horixe azken zenbakiko azalean irakur dezakegun lerroburua. 24 orrialdeko egunkaria atera dute gaur eta, Interneten, webgunean, irakur daiteke osorik.
Orrialde horietan, Antton Etxeberri zuzendariaren eta Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendariaren iritzi artikuluak jaso dituzte, besteak beste, eta errepaso egiten diote 12 urteotan kazetan argitaratu diren albiste nagusiei.
Entzunak ez direnen bozeramaile izaten ahalegindu direla adierazi dute egunkariaren arduradunek, itxieraren berri ematerakoan. Euskal Herriaren kontzeptua azaleratu dutela eta erreferentzia bihurtu dela azpimarratu.
Hain zuzen ere, sekula baino irakurle gehiago dituenean itzaliko omen da Le Journal, zailtasun ekonomikoek itota.
Gaurko 3.128a da Euskal Herriko kazetaren azken zenbakia. Beste hedabide proiekturen batean Le Journalek egindako lanak segida izango duelakoan, adiorik ez, "ikus arte" dio azken orrialdeak.