kultura
Zinema
'The wolf of Wall Street', 'Asier eta biok' eta 'Mandela', zinemetan
Erredakzioa
Erredakzioa
Javier Corcueraren "Sigo siendo" eta Gabriel García Marquezen "Memorias de mis putas tristes" eleberrian oinarritutako film bat ere batu dira aste honetako estreinaldietara.
Hiru istorio handi iritsiko dira asteburu honetan zinema aretoetara: "The wolf of Wall Street" (Martin Scorsese), "Asier eta biok" (Asier Merino eta Amaia Merino) eta "Mandela: long walk to freedom" (Justin Chadwick).
Asier Merinok Asier Aranguren ETAko kidearekin duen harremana erakusten du "Asier eta biok" filmean. Amaia arrebarekin elkarlanean grabatu duen pelikulan, txikitako lagunarekin izandako bizipenak azaltzen ditu. 2013ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian euskal zinemaren Irizar saria irabazi zuen lan honek, eta bertan printzipio etikoak maitasuna baino garrantzitsuagoak diren galdetzen dio bere buruari Merinok.
Martin Scorsesek Wall Streeteko gehiegikeriak erakusten ditu "The wolf of Wall Street" film berrian. Leonardo DiCaprio protagonista nagusi duen film honengatik Urrezko Globoa irabazi berri du, eta Jordan Belfort brokerraren bizitza erakusten digu. Dirua erraz eta azkar eginez, arrakastaren gailurrera heldu zen Belfort. Iruzurra eginda eta zabor bonoak salduta eraiki zuen bidea FBIk atxilotu eta espetxera eraman zuen arte.
"Mandela: long walk to freedom" filmak Nelson Mandelaren bizitzari buruzko errepasoa egiten du. Idris Elba, "The Wire" telesail arrakastatsuan azaldu zen aktorea, du protagonista nagusi. Auzo txiro batean izandako hastapenetatik Hegoafrikako lehendabiziko presidente demokratikoa bihurtu arte egindako ibilbidea kontatzen du.
"Memorias de mis putas tristes" filma Gabriel García Marquezek 2004an argitaratu zuen eleberrian oinarrituta dago. Emilio Echevarria, Geraldine Chaplin eta Ángela Molina ditu protagonista nagusi. Bertan, kazetari beterano batek prostituta gazte eta birjina baten zerbitzuak kontratatzen ditu.
"Oslo, 31 august" Pierre Drieu La Rochelle idazlearen Le feu follet liburuan oinarrituta egin du Joachim Trier zinema zuzendariak. Anders Oslo inguruko desintoxikazio zentro batean ingresatuta dago, eta, tratamenduarekin jarraitu ahal izateko, hiriburura lan bila joatea gomendatuko diote. Bertan, lagun zahar batzuekin elkartuko da.
Javier Corcuerak Peruko musika omendu du "Sigo siendo" filmean. Hiru istorio ezberdinetan oinarritu du bere lana, eta kostaldeko, oihaneko eta mendiko guneetan kokatuta du, melodien bitartez herrialde hartako benetako identitatea bilatzen saiatzeko.
Paolo Virzik zuzendutako "Tutti i santi giorni" umorezko filma da. Simona Lenzi idazlearen eleberri batean oinarrituta dago, eta Guido eta Antoniaren bizitzak erakusten dizkigu. Laneko ordutegi ezberdinek eraginda, ez dute elkar ikusten, eta lehen haurra izatea erabakitzen dutenean sortutako egoera bitxiak ikusiko ditugu filmean.