kultura
Eduardo Chillidaren obra
Chillida-Leku 'esku publikoetara' pasatzea aztertuko du Jaurlaritzak
Erredakzioa
Gobernuak negoziazioak hasi ditu familiarekin, eta dagoeneko "oinarrizko akordioa" lortu dute. Eskultorearen familiak kudeatzen zuen museoa, eta 2010ean itxi egin zuten finantza arazoak tarteko.
-
Chillida Leku museoa. Argazkia: EiTB
Eusko Jaurlaritzak Chillida-Leku museoa "esku publikoetara" nola pasatu aztertuko du 2014an. 2010ean itxi zuten museoa finantza arazoak tarteko, eta ordura arte eskultorearen familiak kudeatzen zuen.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak museoa esku publikoetara pasatzeko eta irekitzeko asmoa iragarri du asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean. Azaldu duenez, Jaurlaritzak negoziazioak hasi ditu familiarekin Chillida-Leku museoa irekitzeko, eta dagoeneko "oinarrizko akordioa" lortu dute. Aurrerantzean, museoaren kudeaketa ereduaz eta proiektuaren ondorio ekonomikoen gainean eztabaidatuko dute.
Halaber, Chillida-Leku esku publikoetara pasatzeko negoziazioak hasiko dituzte, "zuhurtziaz eta argazkirik gabe".
Museoaren itxieraren ondoren, Eduardo Chillidaren familiak negoziazioak hasi zituen Gipuzkoako Diputazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin finantzazioa lortzeko eta museoa irekitzeko. Hala ere, ez zuten akordiorik lortu Chillidaren familiak proposatzen zuen aukera, hots, museoa erakunde publikoei saltzea, ez zutelako bideragarri ikusten.
Kultura Sailaren asmoa Chillida-Leku museoa berriz irekitzea dela nabarmendu du Uriartek. Dena den, ez du zehaztu nor arduratuko den museoaren kudeaketaz, ezta Gobernua museoa erostea aztertzen ari den ere.