Itxi

kultura

Deskontuak kulturan

Bizkaiko Kultur Txartela: kulturan deskontuak lortzeko 30.450 bonu

Txartel hori erosten duenak deskontuak izango ditu liburuak, musika eta pelikulak erosi, eta zinemarako, ikuskizunetarako eta museoetarako sarrerak eskuratzeko orduan.

  • Josune Ariztondo. Argazkia: EiTB

    Josune Ariztondo. Argazkia: EiTB

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Kultur Txartelaren bigarren fasea jarriko du martxan astelehenean. Guztira, 30.450 bonu jarriko dituzte salgai, kultur produktuak erosteko orduan % 20 eta % 40 arteko deskontuak eskuratzeko.

Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak aurkeztu du, prentsaurrekoan, programa horren bigarren fasea. Gabonetan izandako programaren arrakasta ikusita, udaberrian jarriko dute honakoa martxan.

Kanpaina honen helburua kultura kontsumoa sustatzea da, Ariztondoren esanetan, eta herritarrak kultura produktuak erostera gonbidatu ditu; izan ere, sortzaileek eta ekintzaileek "kalitateari eutsi arren", kultur bizitasuna "hankamotz" gelditzen da, horren ustez, eskaintza eta eskaria ez badira orekatzen.

Aurreko fasean bezala, Bizkaiko Kultur Txartela Kutxabankeko kutxazainetan eskuratu daiteke 24, 28 eta 32 euroren truke (hiru motatakoak eskuratu daiteke) eta 40 euroko gastua egin daiteke programan parte hartzen duten tokietan.

A motako bonuak 32 euro balio ditu eta ekimenean sartzen diren kultura artikulu guztietarako balio du; B motakoa 28 euroan eskuratu daiteke eta kultura ikuskizunetarako sarrerak eskuratzeko balio du; D motakoekin, 24 euroren truke, euskarazko produktuak eskuratu daitezke.

Ekainaren 27ra arte luzatuko dute programaren bigarren fasea. Diputazioak 345.000 euroko aurrekontua du, lehen fasean baino 100.000 gehiago, Gabonetako kanpainan erabili ez zen diru-kopurua oraingo honetan erabiliko baitute.

Txartel horrek deskontuak eskaintzen ditu liburuak, musika eta pelikulak erosi, eta zinemarako, ikuskizunetarako eta museoetarako sarrerak eskuratzeko.