Itxi

kultura

Idazlearen heriotza

Azken agur jendetsua egin diote Gabriel Garcia Marquezi Mexikon

Erredakzioa

Senide, lagun eta agintariez gain, milaka herritar joan dira Mexikoko hiriburura Nobel sariduna omentzera.

Gabriel Garcia Marquez idazleak azken agurra jaso du Mexiko Hiriko Arte Ederren Museoan, eta haren senideak, lagunak, agintariak eta milaka herritar bildu dira bertan, Nobel saridunaren errautsak gordetzen zituen kutxaren inguruan.

Aurreko ostegunean hil zen idazle kolonbiarra, 87 urte zituela. Gaur, Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea eta Juan Manuel Santos Kolonbiakoa izan dira omenaldiaren buru; izan ere, Santosek adierazi duenez, Garcia Marquezek "latinoamerikar izatearen esentzia jaso zuen bere lanetan".

Gabo ezizenaz ezagutzen zuten idazleak sentimenduz betetako omenaldia jaso du gustukoen zituen lore horiz inguratuta.

Lau orduz, herritarrek jauregian sartzeko eta idazleari azken agurra emateko aukera izan dute. Santosek eta Peña Nietok zuzendutako ekitaldi ofizialaren ondoren ere, herritarren joan-etorria etengabea izan da jauregian.

Garcia Marquez kolonbiarra zen jaiotzez, eta nazionalitate horri eutsi zion, baina Mexikon bizi zen 1961etik. Rafael Tovar Mexikoko Kultura arduradunak emandako hitzaldian gogora ekarri duenez, idazleak "hiru aberri" zituen: "Kolonbia, Mexiko eta espainiera".