kultura
Aldaketa ''Jakin''en
Lorea Agirre: 'Leku naturala da niretzat Jakin'
Natxo Velez | eitb.com
Lorea Agirre buru duen 14 laguneko talde batek hartuko du Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategiren tokia "Jakin" aldizkariaren zuzendaritzan.
"Jakin" aldizkariaren zuzendaritza taldean, Joan Mari Torrealdai orain arteko zuzendariak esan duen bezala "gaur egungo arazoei erantzuteko jende berria aurkitze aldera" aldaketa izan berri dela eta, Lorea Agirre agerkariaren zuzendari berria eta Torrealdai orain artekoa "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan egon dira.
Saio horretan Joan Mari Torrealdaik esan duenez, zuzendaritza zaharreko kideak "konbentzituta gaude gure altxortxoa oso esku onetan utzi dugula. Beste belaunaldi bat dira, eta indarra dute eskuan eta buruan. 'Jakin'ek aldaketa behar zuen, orain beste arazo batzuk daudelako eta horientzat jende berria behar delako".
"Euskal Herrian orain arteko paradigma batzuk hautsi dira, hizkuntza politikaren, herrigintzaren, politikagintzaren, filosofiaren etab.en aldetik, eta zuzendaritza berriak hausnarketa hori egiteko ilusioa du", erantsi du Torrealdaik.
Haren esanetan, denbora luzean "inertziaz" bizi izan gara gure herrian: gaur egungo kultura azpiegiturak 60ko hamarkadan sortu ziren, eta "inor ez da atera horretatik": "Gurutzaketa batzuk egiteko tenorea da, aurrekoa berrikusi eta planteamendu berriak egitekoa".
Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioaren buru geldituko da aurrerantzean.
Lorea Agirre, "proiektuan sinetsita"
14 laguneko talde bateko buru ibiliko da Lorea Agirre aurrerantzean, "Jakin"en zuzendaritzan. Hauek dira: Agirre eta Torrealdai berak, Xabier Eizagirre, Juan Mari Larrarte, Eguzki Urteaga, Olatz Osa, Andoni Olariaga, Patxi Juaristi, Gexan Sors, Maialen Lujanbio, Idurre Eskisabel, Harkaitz Cano, Imanol Murua eta Haizea Barcenilla.
"Erronka ilusioz hartu dut, proiektuan sinetsita", esan du Agirrek: "Leku naturala da niretzat 'Jakin': pentsamendua, kultura eta komunikazioa uztartzen ditu".
Jakitun da Agirre aurrean ardura handia duela, "laukote historikoak aldizkarian eta kanpoan egindako lanagatik eta hedabideen mundua inoiz erreza izan ez delako; are gutxiago gaur egun, informazio gehiegi, zarata-eta daudelako".
Lantalde berriak webgunea lehenetsiko du, paperaren ordez: "Sarea indartzeko apustua egingo da, informazio trukeak eta gogoetaren abiadura azkarragoak baitira gaur egun, eta "Jakin"ek hor egon behar du. Sareak bere martxa propioa izango du".