Itxi

kultura

Denboraldi berria

EOS 'bere soinu nortasuna' aurkitzeko erronkan, Jun Marklen eskutik

Erredakzioa

Gaurko aurkezpenak Iñigo Alberdi orain arteko zuzendari nagusia agurtzeko eta Jun Markl aholkulari musikalari harrera egiteko balio izan du. "Berrelkartzeak" izenburua du denboraldiak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hainbat artista, konpositore eta bizipen historiko berreskuratuko ditu datorren denboraldian, Jun Markl musika aholkulariak gidatuta. Orkestraren "soinu nortasuna" aurkitu eta berezi egiteko erronka jarri dio bere burari Marklek, gaur azaldu duenez.

Goizeko aurkezpenak, Jun Markl aholkulari musikalari harrera egiteko ez ezik, Iñigo Alberdi orain arteko zuzendari nagusia agurtzeko ere balio izan du. Zortzi urteren ostean, Orkestra uztea deliberatu du Alberdik.

Gainera, EOSek Veneziako Bienale ospetsuan parte hartuko duela ere iragarri dute: bi kontzertu emango ditu Italiako hiriko 58. jaialdian. Urriaren 8an, Luis de Pablo, Ramón Lazkano eta Gabriel Erkoreka euskal konposatzaileen lanak joko dituzte, eta biharamunean, urriaren 10ean, Tesela proiektuari dagozkionak.

Aurretik, halere, irailaren 26an, Orkestrak bere 33. denboraldia zabalduko du, Bilboko Euskalduna Jauregian, Maria Bayo sopranoak Rumon Gamba zuzendariak gidatuta emango duen kontzertu batean. Txaikovskiren 3. Sinfonia joko dute, esan bezala Bilbon lehenengo, eta hilaren 29 eta 30ean Iruñean eta Gasteizen.

Veneziatik bueltan, urriaren 18tik aurrera, Carlo Rizzik EOS zuzenduko du, besteak beste Marta Zabaleta eta Miguel Borges Coelhoren eskutik, Mozarten "Bi piano eta Orkestrarako kontzertua" hartuko duen programa batean.

Bayo eta Zabaletarekiko "berrelkartze" horietako bat besterik ez da, baina gehiago egongo dira denboraldi honetan: Ainhoa Arteta sopranoa, Carlos Mena kontratenorea, Joaquin Achucharro pianista, Frank Peter Zimmermann biolin-jotzailea eta Elisabeth Leonskaja pianista.