Itxi

kultura

Diru laguntzak

Jaurlaritzak 43,3 milioi euro bideratuko ditu euskara bultzatzera

Erredakzioa

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak esan duenez, laguntzen helburua "euskararen erabilera indartzea eta hizkuntza hau irakaskuntzarekin soilik lotzen duen katea apurtzea" izango da.

  • Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordea. Argazkia: EiTB.

    Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordea. Argazkia: EiTB.

Eusko Jaurlaritzak 43,3 milioi euro bideratuko ditu euskara bultzatzeko diru laguntzetara. Horietatik, 30 milioi helduak hezteko erabiliko dira, eta, aurten, lehenengoz, gaztelaniazko hedabideen edizio digitaletan euskara bultzatzeko laguntzak ere emango dituzte.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak gaur emandako aurkezpen prentsaurrekoan aitortu duenez, “nahi genuen eta komeni den” baino atzerapen handiagoaz aurkeztu dituzte aurten diru laguntzak, eta, erakunde guztietatik, euskara bultzatzera bere aurrekontuaren ehuneko handiena bideratzen duena Eusko Jaurlaritza dela adierazi du.

Horren ildoan, 2013an kontu publikoetan diru gutxiago sartu bada ere diru laguntzetan iazko kopuruei eutsi dietela azpimarratu du sailburuordeak.

Halaber, Baztarrikaren esanetan, diru laguntzen helburu nagusia “euskararen erabilera indartzea eta hizkuntza hau irakaskuntzarekin soilik lotzen duen katea apurtzea” izango da. Gaur aurkeztutako kopuruetan, gainera, Hezkuntza eta Kultura sailburuordetzek eta Etxepare Institutuak emandako laguntzak kontuan hartu ez dituztela erantsi du.

Euskara “bizitzeko” gakoa eskolaz kanpoko ekintzetan, kalean, lanea, zerbitzu publikoetan eta beste hainbat arlotan erabiltzea da, Baztarrikaren ustez, eta erabilerak “goia jo” duela esaten duten mezu ezkorrak alboratzeko garaia dela esan du.

Laguntzen banaketari begira, diru gehien helduak euskalduntzeko (30,8 milioi euro) erabiltzen dela ikusten da. Hortik, HABE euskaltegi pribatu homologatuak finantzatzeko erabiltzen da diru gehiena (18,1 milioi). 3.500 ikasle ditu sare horrek.

Bestalde, 11,7 milioi euro udal euskaltegietarako erabiliko dira, 210.000 munduko 29 euskal etxeetara eta 800.000 ikasleentzako laguntza indibidualetara.

Euskarazko hedabideen 4,8 milioi euro jasoko dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak irizpidek aldatu ditu aurten esparru horretan. Puntuen erdiak ematerakoan, hedabideearen estaldurari begiratuko diote, audientzia eta lurralde arloan.

Euskara arlo sozioekonomikoan eta lan alorrean zabaltzeko diru laguntza 1,9 milioi eurokoa izango da, eta 979.000 euro aisialdian eta kirol jardueretan euskara biziberritzeko izango dira.

Euskaraz atari berriak, softwarea eta mugikorretarako apolikazioa sortzera, 807.000 euro joango dira aurten.