Itxi

kultura

Omenaldia

Alex Angulo aktorea agurtu dute Bilbon, ekitaldi xume batean

Erredakzioa

Lankide, senitarteko eta lagunak bildu dira Campos Eliseos antzokian, igandean trafiko istripuan hildako aktoreari omenaldi txiki bat egiteko.

0:58

Eszenaren mundua, familia, lagunak eta bizilagunak bildu dira gaur Bilbon igandean Errioxan trafiko istripuan hildako Alex Angulo aktore bizkaitarra agurtzeko.

Erandion jaio zen Angulo duela 61 urte, eta igandean AP-68 autopistan bidetik atera zen, Logroñotik 15 bat kilometrora dagoen Fuenmayor herri inguruan.

Aktorea Zaragozara zihoan, "Bendita Calamidad" filmaren grabaketara, bertako protagonista baitzen; pelikula bertan behera utzi dute behin-behinean.

Campos Eliseos antzokia leporaino bete da, eszenaren munduak eta Bilboko hiritarrek publikoari irekitako ekitaldian parte hartu nahi izan baitute. Hedabideek, ordea, ezin izan dute ekitaldi osoa bertan igaro, familiak hala eskatuta, eta lehenengo hamar minutuak soilik ikusi dituzte.

Omenaldian hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izan dira, Alex de la Iglesia zinema zuzendari eta Anguloren laguna, esaterako, aktorearen heriotzagatik oso kaltetuta. Pedro Olea zinemagilea, Gaizka Urresti "Bendita Calamidad" filmeko zuzendaria, Ramon Barea, Patxo Telleria, Lander Iglesias, Aitor Mazo eta Gurutze Beitia aktoreak eta Ibon Areso Bilboko alkatea ere bertan izan dira.

Guztiek azpimarratu nahi izan dute Anguloren heriotzak eragindako mina, eta film eta telesail ugaritako protagonista izandako aktorearen humanitatea, ontasuna eta apaltasuna.

Gaizka Urrestin jakinarazi duenez, hasiera batean filma bertan behera uztea pentsatu zuen arren, azkenik Angulorekin grabatzen hasi zen pelikularekin jarraitzea erabaki du, aktoreari omenaldi gisa.

Ekitaldia 19:00etan hasi da, euskal agintariei egin ohi zaien "Agur jauna" dantzaren bertsio berri batekin, piano jole batek eta Asier Zabaleta dantzariak aurkeztuta.

Hedabideei antzokitik ateratzeko eskatu ostean, halaxe nahi zuten ekitaldiko parte hartzaile batzuk eszenatokira igotzen hasi dira, aktorearen omenez hitz batzuk esateko.